125 urteko antzokiari begira Natxo Montero

uriola.eus 2015ko mai. 27a, 10:05
Argazkia: Kurtxio

Arriaga Antzokiak bere 125. urteurrena ospatuko du maiatzaren 31n, genero guztietako artisten partaidetza izango duen gala bereziarekin. Oraingo honetan URIOLArekin bere iritzi eta oroitzapenak partekatu dituena Santutxuko Natxo Montero dantzaria izan da.

"Nolabait esateko", Gaztedi dantzari taldean hasi eta egun dantza garaikidean bete-betean murgilduta dagoen Natxo Monterorentzat Arriaga antzokia "arte biziko museoa da". Are gehiago, Bilboko antzoki handienen artean, programazio aldetik, "arrisku gehien hartzen duena". Eta azkenaldi honetan, "Bilboko sortzaileen lana ikusteko parada eskaintzen duena".

Nahiz eta "askotan" lan egin Arriaga antzokirako, Natxok ez dauka "momentu aipatzeko modukorik". "Baditut oroitzapen ezberdinak hainbat lan egin baititut Arriagarako" dantzari, antzezle, zuzendari laguntzaile edota mugimendu laguntzaile moduan. URIOLAk presio apur bat egin dio oroitzapenen bat aipatzeko: "Bat aipatu behar badut, esango nuke, 'Cuartito' bat eskaintzeko zuzendaritza taldetik deitu nindutenekoa. Orduan, bai, ardura handia sentitu nuen. Nire lana programatuta egongo zen, niretzako egun bat".

Oroitzapen bila hasita, lehenagokoak ere gogoratu ditu, hain zuzen, Arriagan dantzari gisa egin zuen lehenengo audizioa, "aukeratua izan nintzen", dio. "Ilusio handia egin zidan nire hirian lan egiteak, etxetik hamar minutara oinez joateak, nire lan gehiena Euskal Herritik kanpo izan baita".

Aurrera begira, "publiko ezberdinei gehiago gerturatzeko" eskatzen dio Natxok Arriagari, eta berari eta bere lankideei zuzenki eragiten dien beste eskari hau ere helarazi die kudeatzaileei: "Bilboko artistak kontuan hartzea, eta lan gehiago ematea".

 

[2015/05/25] 125 urteko antzokiari begira Arkaitz Estiballes

[2015/05/25] 125 urteko antzokiari begira Mikel Martinez

[2015/04/22] Arriaga Antzokiak bere 125. urteurrena ospatuko dau maiatzaren 31n