125 urteko antzokiari begira Jon Rozadilla

uriola.eus 2015ko mai. 28a, 08:30

Argazkia: Iker Merodio

Maiatzaren 31n 125 urte beteko ditu Arriaga Antzokiak. Urteurreneko ospakizunetan buru-belarri sartuta dago Jon Rozadilla antzokiko komunikazio arduraduna. Tartetxo bat hartu du URIOLAren galderak erantzun eta antzokiaren gainean hausnarketa egiteko.

Oso leku "berezia da" Jonentzat antzokia. "Ametsen edukiontzi" gisa ikusi izan du Arriaga, "emozio desberdinak bizitzeko asmoz askotan bertaratu izan naizelako", musika kontzertu batera, antzerki emanaldi batera, etabar. Baina, orain, "lantokia" ere bada berarentzat, eta "hori kultura maite duen pertsona batentzat aukera paregabea da". Izan ere, barrutik proiektu eszenikoak nola sortu, hazi eta garatzen diren bizitzeko aukera du, askotan prozesu horretan ere parte hartzen duelarik, komunikazioaren esparrutik hain zuzen.

Ikusle bezala gogoan du "duela urte asko" Agatha Christieren Diez negritos lanaren antzerki moldaketa ikustera bertaratu zela. Garai hartan Agatha Christieren liburuak "bata bestearen atzetik" irensten zituen, eta "ilusio handiz" gozatu zuen Arriagan.

Orain, bestelako oroitzapenak sortzeko aukera dauka Arriagan lan eginda. "Pertsona oso interesgarriak ezagutu ditut haien normaltasunean, hau da, eszenatokiaren mitifikaziotik kanpo. Duela gutxi, adibidez, zuzenean ikusi nuen oso antzezle ezagun bat egundoko profesionaltasunez taula gainean, eszenatokira igo baino bost minutu lehenago banbalinen artean negarrez eta erabat birrinduta zegoenean, berarentzat inportantea zen norbait hil berri zelako. Horrelako zerbait hain bortizki ikustea ez zait ahaztuko".

Baina oroitzapenik ahaztezinenak eta pertsonalenak, "detaile txikietan irudikatutakoak dira" Jon Rozadillarentzat. Harreman pertsonalei esker sortutakoak, bai lankideekin zein artistekin edota proiektuen sustatzaileekin. "Horiek guztiekin une eder eta berezi asko bizi izan ditut, betiko gordeko ditudanak. Ezingo nuke bat bakarrik aipatu: bi euskal antzezlek idatzitako gutun ederra, beste batek izandako detailetxoa, beste baten keinua, beste baten konfidentziak… Arriagaren oroitzapenak, beraz, asko izango dira hemendik urte askotara atzera begiratuko dudanean".

Aurrera begiratzeko ere eskatu dio URIOLAk Joni. Zelako Arriaga antzokia nahi lukeen etorkizunean, hain zuzen ere. Bere ustez, "egungo formulari heldu eta horretan sakondu beharko luke". Horrek esan nahi du "genero guztietako kalitatezko ikuskizunak eskaintzen jarriatu behar duela, euskal eszenarekin bat egiten segitu behar duela, formatu txikiko zein handiko emanaldiak uztartu behar dituela, etabar". Eskakizun pertsonal bat? "Rock and roll gehiago, kar-kar-kar".

 

[2015/05/27] 125 urteko antzokiari begira Natxo Montero

[2015/05/25] 125 urteko antzokiari begira Arkaitz Estiballes

[2015/05/25] 125 urteko antzokiari begira Mikel Martinez

[2015/04/22] Arriaga Antzokiak bere 125. urteurrena ospatuko dau maiatzaren 31n