Aiora Jaka eta Jose Enrike Urrutia Capeau Sarrionandiaren inguruan solasean

Bilbo Zaharrak antolatzen duen Klasikoen Irakurtaldi Jarraituan, aurten, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak izango dute irakurgai ekainaren 5ean, ostirala, Arriaga Antzokian. Irakurtaldiaren aurretik, Sarrionandiaren lanaren inguruko hainbat solasaldi izan dira. Gaurkoa izango da azkena, Aiora Jaka eta Jose Enrike Urrutiaren eskutik. 

Duela zazpi urte Axularren Gero izan genuen irakurgai, duela sei Mogelen Peru Abarca, duela bost Jon Miranderen Haur besoetakoa, duela lau Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, duela hiru Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, duela bi Bernardo Atxagaren Obabakoak, iaz Gabriel Arestiren Harri eta herri eta aurten Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak eleberria izango dugu irakurgai. Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik gaude, eta harro, 'Klasikoen irakurraldi etenik gabea' ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, geure helburua (klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia) betetzen ari garelako.

Zer irakurri erabakitzeko orduan, lehenengo lau edizioetan, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu genuen. Hots, XVI. mendeko liburu batekin hasi, XVII. mendeko beste batekin segi, XIX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu genuen. Hiru jauzi izan ziren, bi, ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat, berrogeita hamarrekoa, euskal literaturaren historian barrena. Azkenengo hiru edizioetan, aldiz, bestelako irizpidea baliatu dugu.

Zergatik panpoxen kasuan, emakumezko literaturaren aitzindari izatearena; Obabakoakenean, argitaratu zeneko 25. urteurrena ospatzearena; iaz, berriz, euskal poesiari ateak zabaltzea eta, bidenabar, liburuaren 50. urteurrena ospatzea; eta aurten, aldiz, Joseba Sarrionandiak narrazioen ibilbidea bukatu zuenetik 25. urteurrena izatea.

 

Narrazio guztiak-en irakurketa jarraitua

400 lagunen parte-hartzea izango duen irakurraldiari Sarrinonadiak berak hasiko du bihar 08:00etan. Sarrionandiaren saioa -liburuaren aurreneko lerroen irakurketa alegia- aurretik grabatua izango da. Irakurleen artean, besteak beste, Ibon Areso Bilboko alkatea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia, Laborak Kutxako zuzendari nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua edota Mario Iceta Bilboko gotzaina egongo dira.

Irakurgaia 2011n Elkar argitaletxeak kaleratutako Narrazio guztiak (1979-1990) liburua izango da. Bertan, Sarrionandiak 80ko hamarkadan argitaratu zituen hiru ipuin-bildumak bildu ziren: Narrazioak (1983), Atabala eta euria (1986) eta Ifar aldeko orduak (1990). Horiez gain, aurretik idatzitako hiru istorio, argitaratugabeak, jaso ziren liburuan: Figlio di cane, Maggie indazu kamamila eta Enperadore eroa.

Arriaga antzoki barruan ez ezik kanpoandeak jarriko dituzten pantaila handien bitartez ere jarraitu ahal izango da egin erdiko saioa, eta EITBren web gunean streaming bidez emango dute zuzenean.

Irakurketa jarraitua Arriaga antzokian hamabi orduz egingo dute bihar, hilak 5, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara. Ikasturte amaierako ekitaldi gisa egin ohi du Bilbo Zaharra euskaltegiak, Laboral Kutxaren, Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren laguntzaz, besteak beste, euskal klasikoen irakurketa.

 

Egitaraua

Ekainak 4, osteguna

- 19:00. Aiora Jaka eta Jose Enrike Urrutia Capeauk solasaldia eskainiko dute Euskaltzaindiaren egoitzan.