Petros Markaris idazlea Bidebarrietan egongo da Liburu Azokaren aurrekari gisa

uriola.eus 2015ko eka. 3a, 08:57

Ostegun honetan ateak zabalduko dituen Bilboko Liburu Azokarekin elkarlanean antolatutako zenbait jarduera jasoko ditu ekainaren 11ra arte Bidebarrieta Kulturguneak. Aurrerapen moduan, liburutegiko ekitaldi aretoak, azokak ematen duen Zilarrezko Luma 2015 saria jaso duen Petros Markaris idazlearen hitzaldi bat jasoko du gaur arratsaldean.

Turkian jaiotako Petros Markarisek Ekonomia Zientziak ikasi zituen Vienan eta Stuttgarten, eta ondoren Atenasera joan zen, eta bertan bizi da. Telebistako gidoilari eta antzerkigilea ere bada eta horrez gain, Greziako krisiari buruzko La espada de Damocles saiakera liburuaren egilea. Baina, Kostas Jaritos komisario greziar ironikoa protagonista duten polizia eleberriekin egin da ezagun. Bilduma horretako Hasta aquí hemos llegado azken lanarekin zabaldu du krisi greziar izugarrian girotutako sail arrakastatsua. Hitzaldiak sarrera librea izango du; Felix Linaresek aurkeztuko du eta aldibereko itzulpen zerbitzua izango du.

Ostegunean, ekainaren 4an, arratsaldeko 18:30etatik aurrera, Bidebarrieta Kulturgunea, duela denbora gutxi hil den Ramiro Pinillari eskainiko zaion omenaldi xumearen eszenatoki izango da. Bertan, Almudena Grandesek eta 1988tik Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkarirako kultur korrespontsala den Paul Ingendaay idazle eta kritikari alemanak hartuko dute parte. Ekitaldia, kulturan espezializatutako Idoia Jauregi kazetariak gidatuko du.

Ostiralean, ekainaren 5ean, Luis Alfonso Gamez kazetariak, janari osasungarria eta ekologikoa deitutakoari buruzko mitoak eta topikoak hankaz gora jartzen dituen Los productos naturales ¡Vaya timo! edo Comer sin miedo bezalako liburuen egilea den Jose Miguel Mulet dibulgatzaile eta ikerlari polemikoaren hitzaldia aurkeztuko du.

Hurrengo hitzordua ekainaren 9an izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, John Connolly idazle irlandarrarekin. Bere polizia eleberriengatik da ezaguna, Charlie Parker detektibea protagonista den lanengatik, batez ere. Bilboko Liburu Azokaren barruan egingo diren topaketa horiek ekainaren 11n bukatuko dira, Mohammed Moulessehol idazle eta militar ohi aljeriarraren emakumezko ezinena den Yasmina Khadrarekin. Une honetan gehien itzultzen den egile arabiarretako bat da, eta bere lanen artean Morituri, Las golondrinas de Kabul, El atentado eta bere azken eleberria, A qué esperan los monos, daude. Bi topaketa horiek aldibereko itzulpen zerbitzua izango dute.