Rocka, afterpunka, musika elektronikoa eta Hip Hopa Barrutirocken

uriola.eus 2015ko eka. 3a, 08:15

Aurrera jarraitzen dute Udalak talde hasiberrientzat antolatutako Barrutirock programaren seigarren edizioko kontzertuek. Oraingoan bi kontzertu eskainiko dituzte, ekainaren 4an eta 5ean, eta guztira bost talde entzungai egongo dira Bilborocken. 

Ekainaren 4an, osteguna, talde bik joko dute Bilborock Aretoan 20:00etan; rock emanaldia egongo da Belgravia taldearen eskutik eta ekitaldi berean Aizkorak Zorroztu taldeak joko du. Minimalismoa, afterpunk-aren esperimentazioa eta grungearen izaera garratza ditu ezaugarri banda honek.

Biharamunean, ekainaren 5ean, ostirala, 21:00etan hasita, hiru talde arituko dira Bilborockeko taula gainean. Alde batetik, 2014ko Bilbao Hiria Lehiaketa irabazi zuen Empty Files bandaren elektronikaren eta rockaren nahastea, Nine Inch Nails, Depeche Mode edo Massive Attacken oihartzunekin. Bestalde, emakumeek zuzendutako hiphap-eko proposamenak ekarriko dizkigute: La Basu eta Ni Nago.

Sarrera doakoa izango da eta zuzeneko musikaz gozatu zein musika-talde gazteen berri jakin nahi dutenentzat dira kontzertuok.

Barrutirocken barruan, Bilboko barruti guztietako talde eta bakarlari gazteek (15-35 urte) euren lanak erakusten dituzte zuzenean, horrela esperientzia lortuz, Bilborock bezalako aretoan jotzeko aukera izanda.

Iazko edizioan hogei bat bandak eta bakarlarik hartu zuten parte. Barrutirocken parte hartu nahi izanez gero, hona informazio gehiago: www.bilbao.net/bilborock