Gaurko topaketa, programari amaiera emateko eta irailera arte agurtzeko izan da. Programaren helburu nagusia adinekoen artean jarduera fisikoa, sozializazioa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea da.
Bilboko Tinglatuetan 10:30ean hasi den hitzordu honetako parte-hartzaileek tai-xia praktikatu eta zenbait trebezia nahiz gaitasun garatzeko zirkuituetan parte hartu dute, latexezko gomaz hornituta. Halaber, luzamenduez eta koreografiako dantzez osatutako hainbat saio egin dituzte.
Aspaldiko programa
'Zahartze osasungarria' zahartze aktiboa sustatzeko programa finkatuenetariko bat da. Osasun eta Kontsumo Sailak duela 30 urte ekin zion antolatzeari, doan, 65 urtetik gorakoentzat.
Gaur egun, 22 zentrotan ezarrita dago: barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta hiriko beste ekipamendu batzuetan. Ildo horretan, azken 4 urteetan "Azkuna Zentroa - Alondegia" gehitu dute jarduerak gauzatzeko gune gisa eta, egindako azken pausu garrantzitsu horri esker, programa Bilboko barruti guztietara hedatu dela esan daiteke.
Bai ikastaro honetan, bai azken urteetan egindakoetan, parte-hartzaile kopurua 3.000 lagunetik gorakoa izan da (horietako %86 emakumezkoak) eta batez besteko adina 79 urtekoa izan da.
Jarduera fisikoa
Astean behin adin horri egokitutako jarduera fisikoaren saio bat edo bi egiten dira. Horretarako, parte-hartzaileak 88 taldetan banatuta daude, eta begirale kualifikatu batek zuzentzen du horietariko bakoitza, ekintzak dinamizatzeko, Osasun eta Kontsumo Saileko medikuen eta erizainen zaintzapean.
Programa hau adinekoek bizi-ohitura osasungarriak hartzeko aukera gisa aurkeztu dute, astean behingo topaketa hauetan jolasari eta sozializatzeari lekua eginez.
Bizi-ohiturak
Bestalde, osasuna sustatzeko kanpainak ere egiten dira, beren beregi adin-tarte horretan interesik handiena duten osasun-arloko gaiak jorratzeko asmoz: istripuz jazotako jauskeren prebentzioa, medikamenduak hartzea, elikadura osasungarriari buruzko hitzaldi-eztabaidak, gernu-ihesari buruzko tailer praktikoak, etab.
Gizarteratzeko jarduerak
Gainera, programa honen oso alderdi garrantzitsua osatzen dute sozializatzeko jarduerek, esate baterako, Eguberriko jaia, adiskidetasunezko bazkaria -dantzaldia barne- eta gaur burututako amaierako jaia.