Joseba Sarrionandiaren hitzek abiatu dute Klasikoen Irakurketaldi Jarraituaren 8. edizioa

uriola.eus 2015ko eka. 5a, 09:40

Bilbo Zaharrak antolatzen duen Klasikoen Irakurtaldi Jarraituan Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak liburuaren irakurketa egiten ari dira 08:00etatik 20:00etara Arriagan. Sarrinandiaren grabazio batek eman dio hasiera irakurtaldiari eta ondoren, Josu Muniozguren, Andres Urrutia, Iñaki Goirizelaia eta beste hainbat irakurlek hartu dute hitza. Datozen orduetan, etenik gabe jarraituko dute 20:00etan, Belen Anton eta Nerea Mazok, Aitor Mazoren emazte eta alabak, azken apaldia irakurri arte. 

Duela zazpi urte Axularren Gero izan zen irakurgai, duela sei Mogelen Peru Abarca, duela bost Jon Miranderen Haur besoetakoa, duela lau Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, duela hiru Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, duela bi Bernardo Atxagaren Obabakoak, iaz Gabriel Arestiren Harri eta herri eta aurten Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak eleberria da irakurgai. 

Esan bezala, Joseba Sarrionandiak berak, ekin dio aurtengo irakurtaldiari audio grabazio bidez, 08:00etan, eta 12 orduz, euskal kulturako zein gizarte, kirol, ekonomia edo politikako 100dik gora lagunek parte hartuko dute ekimenean, Narrazio guztiak liburuaren pasarteak irakurriz. Hain artean daude, Ibon Areso Bilboko alkatea, Andres Urrutia Euskaltzainburua, Asier Amondo AEK-ko kidea, Ainhoa Larrazabal Bizkaia Irratiko kazetaria, Lutxo Egia idazlea, Ane Zabala aktore eta kazetaria edota, Imanol Agirre Loraldiaren zuzendaria.

Aurreko urteetan bezala, mundu osoko 16 Euskal Etxek ere parte hartuko dute, haien irakurtaldiak bideo bidez grabatuta. Bilbotarrek Arriaga Antzoki barruan zein kanpoan jarritako pantailetan jarraitu ahalko dute ekimena.

20:00etan bukatuko da irakurtaldia Aitor Mazoren emazte eta alabaren eskutik eta 12 orduz, herritar orok izango du Arriagara gerturatzeko aukera.

Narrazio Guztiak

Ipuingintza modernoaren sorrera markatu duen libururik baldin bada, euskaraz, hori Narrazio guztiak izan da, Joseba Sarrionandiak 1983an kaleraturiko kontakizun-bilduma, sentsibilitate berri bat ekarri zuena erabilitako hizkuntzan, kontaeran nahiz gaietan. Hizkera berri bat landu zuen, dotore bezain adierazkorra, kolorez eta oihartzunez betea; teknikan, berriz, esperimentaziotik fantasiaraino egiten zuen, hango eta hemengo erreferentzia literarioz zipriztinduta; kokalekurako, azkenik, nonahi eta noiznahiko giroak azaltzen ziren, bidaia exotikoak zein haur begiz oroituriko baserri-bazterrak.

80ko hamarkadan hiru ipuin-bilduma kaleratu zituen iurretarrak: aipaturiko Narrazio guztiak, Atabala eta euria (1985) eta Ipar aldeko orduak (1990). Horiez gain, aurretik idatzitako hiru istorio, orain arte haren liburuetan inoiz sartu gabekoak. Leku desberdinetan sortuak, laurak ere: hasierakoak Euskal Herrian, atxilotua izan aurretik; Narrazioak Puerto de Santa Maria espetxean (Cadiz, Espainia), 1981 eta 1982an; Atabala eta euria Herrera de la Manchako presondegian 1983 eta 1984an; Ipar aldeko orduak ihesaz geroztik, erbestean eta ezkutuan.

Guztiak baturik, liburu batetik bestera doazen hariak ageriago ikus litezke: adibidez, ziklo arturiko moduko bat osatzen duten ipuinak (Ginebra erregina, Artur, Lanzelot, Merzlin eta beste Bizkaian erbesteraturik imajinatuz, ordukoa edo gaurkoa izan litekeen garai zehaztugabe batean); baserri giroko haurtzaro imajinatu batean kokaturiko istorioak, begirada lauso baina antiidealizatu batez jantziak; militante baten bizikizun kamuflatuak izan litezkeen istorioak; sorkuntzari buruzko gogoetak dakartzatenak; ipuin kafkianoak, fantasia poetikoak…