Arriaga Antzokiak Sara Baras bailaorearen bisita jasoko du beste behin. Inolako zalantzarik gabe azken hamarkadetako bailaore garrantzitsuenetakoa da, lortu dituen sari garrantzitsuek erakusten duten bezala: Premio Nacional de Danza eta Premio Nacional de Baile direlakoak, hainbat Max Sari… eta bere ibilbide luzean jaso dituen aintzatespen ugari.
Baina bere ospeak sariak gainditzen ditu. Izan ere, bere handitasuna eszenatokietan landu da, ikus-entzuleen aurrean, ikus-entzuleak baitira, azken finean, artista ebaluatzen dutenak. Sara Baras, proposamen eszeniko bakoitzarekin ikus-entzuleak euren eserlekuetatik altxatzea lortu duen artista horietako bat da. Bilbon ondo baino hobeto dakigu hori, Sara Barasek Arriaga Antzokian izan dituen emanaldiek arrakasta handia lortu dutelako, kritikari eta ikus-entzuleei dagokienez. Carmen, 2008an, Ballet flamenco, 2010ean edo La Pepa, 2012an, goraino betetako emanaldien eta txaloaldi luzeen adibide dira. Eta sarreren salmentaren erritmoa ikusita, Voces lanean, Cadizeko artistaren azken proposamenean ere Arriaga bete egingo dela aurreikusten da. Emanaldi bat eskainiko da egunero, asteazkenetik, ekainaren 10etik, igandera, ekainaren 14ra. Guztiak ere arratsaldeko 20:00etan izango dira, ordubete lehenago, 19:00etan, hasiko den igandekoa, izan ezik.
Voces Sara Barasen ikuskizun berria da. Taula gaineko protagonista izateaz gain, Sara Barasen esku daude zuzendaritza eszenikoa eta koreografia. Bailaoreak, lan horren bitartez, beretzat erreferente izan diren eta, flamenkoaren munduan aztarna utziz artearen bitartez dena eman duten eta ematen duten artista handien ekarpena eta bikaintasuna eskertu gura izan ditu. Horrela, ikuskizunak omenaldia eskaintzen die Paco de Lucia, Antonio Gades, Camaron de la Isla, Enrique Morente, Moraito edo Carmen Amaya bezalako artista handiei.
Voces kontzertu motako lan flamenkoa da, eta artearen jeinu horiekin lotura ezartzen du seguirilla, taranta, farruka, tiento, solea, tango, buleria bidezko solea, erromantze, buleria… eta etiketatu gabeko pasio askoren bitartez. Voces esaten zaio dantzatik, kantetik, toketik… irteten den ahotsarengatik, gure arimak indarrez kolpatzeko zapaten takoiarekin taula laztantzen duen ahotsarengatik.
Sara Baras da ikuskizuneko protagonista nagusia, baina Voces ikuskizuna ez litzateke posible izango beste batzuen ekarpenik gabe: Jose Serrano artista gonbidatua, berak dituen esku-hartzeen koreografoa eta musika zuzendaria; Sara Barasentzat inspirazio iturri eta erronka izan den Keko Baldomero ahaztu barik. Horrez gain, sei musikarik osatutako taldeak musika zuzenean interpretatuko du, Keko Baldomero bera buru eta gitarra jotzailea, Andres Martinez gitarra jotzailea, baita ere, Rubio de Pruna, Miguel Rosendo eta Israel Fernandez kantean eta Antonio Suarez eta Manuel Muñoz Pajaro perkusioan. Horrez gain, Voces ikuskizunak, sei pertsonak osatutako dantza talde bikaina ere badu: Maria Jesus Garcia Oviedo, Charo Pedraja, Cristina Aldon, Daniel Saltares, David Martin eta Alejandro Rodriguez.
Sarrerak
Sarrerak 15,50 eta 47 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.