Oier Santosek maiatzean argitaratu zuen Txanpaina, mesedez (Erein, 2015) eleberri poliziakoa gaur aurkeztu eta sinatuko du Bilboko azokan. Markel Aizpurua ertzain-burua du protagonista bere azken lanak. Markel Aizpuruari ez zaio erronkarik falta. Eleberrian euskal gizartea talde terrorista berri baten mehatxupean ageri da. Herrialde oso bat dago arriskuan eta horri egin behar dio aurre Aizpuruak.
Aitor Gorrotxategik ere maiatzean argitaratutako narratiba lana, Koldar hutsa zara (Erein, 2015) izenekoa, ekarriko du Bilbora, aurkezteko eta sinatzeko. Istorio indibidual eta kolektibo baten fikziozko kronika da. Belaunaldi batena, diktaduraren eta trantsizioaren artean jaiotako belaunaldiarena. Fanatismoaren eta koldarkeriaren artean ahaztutako garai bat. Kontraesan eta mixeria txikien kronika. Zaharrak berri.
Bost emakume idazlek idatzitako Vírgenes catódicas, putas recalcitrantes (Txalaparta, 2015) da gaur azokan aurkeztuko duten beste lanetako bat. Bost horietako hiru, Iratxe Fresneda, Katixa Agirre eta Irati Jimenez, izango dira eguerdian azokan. Beste biak dira Josebe Iturrioz eta Itziar Ziga. Liburuan dibertigarri, amorragarri, lagungarri, inspirazio-iturri eta ikaragarri iruditu zaizkien beste horrenbeste telesail aztertu dituzte. Errepaso horretan sakonki begiratu diete askotariko telesailei, Expediente X, Buffy cazavampiros, Sexo en Nueva York, Forbrydelsen, Bron/Broen eta Mad Men saioei, alegia, eta gure bizitzako zati handi batean lagun izan ditugun beste hainbatekin lotu eta nahastu dituzte, La bola de cristal, Luz de luna, The walking dead eta La hora de Bill Cosby-rekin, esaterako. Analisi feminista honen bidez, heteropatriarkatuak telebistan hartutako modu narratibo eta irudizko askotarikoak agerian utziko dituzte, zeren gure egunerokoaren parte izan direnez, entretenitzeko aitzakian, modu akritikoan txertatu baitira gure imajinario kolektiboan.
Bilboko XLV. Liburu Azoka - Egitaraua
Ekainak 12 ostirala
11:30 Mikel Santiago, Oier Santos eta Aritz Gorrotxategiren liburuen aurkezpena.
11:30 Vírgenes catódica, putas recalcitrantes liburua aurkeztuko dute Iratxe Fresneda, Katixa Agirre eta Irati Jimenezek.
Ekainak 14 igandea
12:00-14:00 Katixa Agirren Atertu arte itxaron liburuaren aurkezpena. Elkar argitaletxearen erakusmahaian.
13:00 Umeentzako tailerrak. Azokako karpan.
13:00 Magia ikuskizuna. Valen magoa. Azokako karpan.