Musika Bandak bere 120 urteak ospatuko ditu gaur Areatzan emango duen kontzertuarekin

uriola.eus 2015ko eka. 12a, 08:00

Bilboko Musika Bandak 120 urte bete ditu aste honetan, eta modurik hoberenean ospatuko du; kontzertua eskainiz Areatzako Kioskora hurbiltzen diren guztien gozamenerako. Gaur, ekainak 12 izango da, 19:00etatik aurrera eta bandako 45 musikariek, Iñaki Urkizu zuzendariordearen aginduetara, zartzuela eta opera piezak edo pasodoble eta mambo erritmoak jasoko dituen programa anitza eskainiko dute.

Besteak beste, Geronimo Gimenez, Mario Mauza, Primitivo Aspiazu eta Alexander Borodin bezalako konposatzaileen lanak, joko dituzte. Joan den maiatzaren 22tik ostiral guztietan Bilboko Areatza musika bikainez betetzen duen Udaberriko denboraldiko laugarren kontzertua izango da biharkoa.

1895eko ekainaren 9an, Jose Sainz Basaberen zuzendaritzapean, Bilboko Udalaren Musika Bandak bere lehenengo kontzertua eman zuen Areatzan. Urte hauetan, Bilboko leku enblematiko hori Bandaren ohiko eszenatokietako bat izan da. Dena den, Bandaren musika beste leku askotan ere entzun ahal izan da, Valentziako Palau de la Musican, Tenerifeko Santa Kruzeko Angel Guimera Antzokian edo Madrilgo Ubideko Antzokietan, besteak beste. Zuzeneko musika eskaintzeaz gain, Bandak hainbat disko grabatu eta musika proiektu garrantzitsuetan ere hartu du parte.

Iñaki Urkizu arduratuko da kontzertua zuzentzeaz. 2007tik Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea da. Zortzi urterekin hasi zen tronpeta jotzen etxeko ohitura jarraituz. Donostiako kontserbatorioan egin zituen ikasketak eta jarraian Tolosako Udal Bandako kide bihurtzen da, bakarlari bezala arituz hamarkada batez.

Ondoren, zenbait musika eskoletako irakasle izan da (Beasain, Tolosa eta Arrasate Musical), zenbait bandetako kolaboratzailea, –Bilboko Orkestra Sinfonikoa edo gipuzkoar hiriburuko Konjunto Barrokoa, Araba Brass Taldea eta Gasteizko Big Band besteak beste- eta moldaketa, transkripziogile eta musika bildumagile lanetan bere ibilbidea landu duena da. 1998an, Ertzaintzako Musika bandako Zuzendaritzara sartzen da ordura arte tronpeta bakarlaria zena. 800 kontzertu baino gehiago zuzendu ditu eta zenbait diskoren grabaketetan parte hartu du bere karrera osoan.

Jose Rafael Pascual Vilaplanak, Bandako zuzendari titularrak, itxiko du udaberriko kontzertuen zikloa datorren ostiralean, ekainaren 19an, 'Ingeles Klasikoak' hoberenei eskainitako egitarauarekin.