Charada saltokiak irabazi du Arteshop ekimeneko lehen saria Ruben Pinoren lanarekin

uriola.eus 2015ko eka. 17a, 20:30

Bilboko Alde Zaharrean dagoen Charada moda eta osagarrien saltokiak lehenengo saria irabazi du Ruben Pino Uribe-Echevarria ikasleak sinatutako obra batekin. Bigarren saria, Optika Jesus saltokiak eskuratu du Maria Fernandez de Vianaren lanarekin. 

Arteshop ekimenaren V. edizioa Bilboko Udalak sustatutako ekimena da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bilbao Arte Fundazioaren lankidetzarekin egin da; hala, dagoeneko badugu lehiaketako irabazleen berri. Alde Zaharreko bi saltokik, Charada eta Optica Jesus, lehenengo eta bigarren sariak irabazi dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren saria, aldiz, Flores Rementeriari eman zaio, Bilboko San Inazio auzoan dagoen saltokiari. Saltoki horiek ekainaren 8tik hilaren 20ra arte, larunbata, jendaurrean ikusgai izango dituzten artelanak Euskal Herriko Unibertsitateko hiru artista gaztek egin dituzte, hain zuzen ere Ruben Pino Uribe-Echevarriak, Maria Fernandez de Vianak eta Raquel Asensi Blancok.

La Huerta del Botxok eskuratu du Publikoaren Saria, Rekalde auzoko landare, hazi eta maskota denda batek; izan ere, Rakel Carrero Lopez Arte Ederren ikasleari esker, sormen eta abangoardia lorategi bihurtu baita.  Gaur arratsaldeko ekitaldian, sariak banatu zaizkie saltoki irabazleei eta ideiak nahiz sormena ekarri duten artistei. Ekitaldia Erriberako Merkatuan egin da, eta bertara hauexek hurbildu dira; Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Xabier Otxandiano; Bilbako Ekintzako zuzendari nagusia, Nora Sarasola; Bilbao Arte Fundazioko zuzendaria, Juan Zapater Bilbao; eta EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Carmelo Garitaonandia.

Ekimen honekin Udalaren helburua hiriko merkataritza-jarduera bultzatzea izan da eta, hala, berez interesgarriak diren gure saltokiei balio erantsia eskaintzea. Gainera, Arte Ederretako Fakultateko ikasleen artelanak merkataritza-saltokietan jartzeari esker, etorkizunean artearen munduan joera markatuko duten artisten sormena ikusi ahal izan da.

Arteshop Bilbao ekimenak bosgarren edizioa du aurten, eta oraingo honetan Bilbao Ekintzak hautatutako 75 saltokik EHUko Arte Ederren Fakultateak aukeratutako 75 ikasleren artelan berriak eta hitzordu honetarako ex profeso sortutakoak erakutsiko dituzte ekainaren 8tik 20ra. Lan honetarako, ikasleek Bilbao Arte Fundazioko 10 artisten tutoretza izan dute, eta horiek ere artelanak prestatu dituzte Erriberako Merkatuan edo Terminus eraikinaren Turismo Bulegoan ikusgai jartzeko.

Epaimahaia eta sariak

Hiru erakunde sustatzaileen ordezkariek (Bilbao Ekintza, EHU eta Bilbao Arte Fundazioa) hamabi proiektu onenak aukeratu zituzten. Ondoren, prestigio handiko epaimahaiak hiru artelan irabazleak hautatu zituen; horretarako, hiru sari ezarri ziren. Hauexek izan dira epaimahaiko kideak: Josu Rekalde artista eta EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle katedraduna; Mabi Revuelta artista; Marta Arzak Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza eta Interpretazioko zuzendariordea; Artium museoko Hezkuntza Arloko Charo Garigorta; eta Bilbao Dendak elkarteko Andoni Ruiz. Lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa. Horrez gain, Publikoaren Sariarekin 450 euro ere eman dira; sari horren irabazlea herritarrek aukeratu zuten, telefono bidezko bozketaz.

Publikoaren Saria EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasleen eta saltokien lan bateratua aintzatesteko aipamena izan da. Horrez gain, herritarren parte hartzea ere bultzatu nahi izan da, baita edizio honetan parte hartu duten saltokiak eta Arte Ederretako Fakultateko ikasleen arte proiektuak ikusaraztea ere, komunikabide sozialen, http://www.arteshopbilbao.com/2015/ webgunearen eta sare sozialen bitartez (https://es-es.facebook.com/ARTESHOP.BILBAO eta https://twitter.com/arteshopbilbao).

Lehiaketa

Berriz ere, Arteshop Bilbao 2015 egitasmoak ikasle, saltoki zein artisten interesa piztu du. EHUko Arte Ederretako Fakultatean hitzordu honetan parte hartzeko interesa erakutsi duten ikasle edo ikasle taldeen 120 eskaera jaso dituzte. Saltokiei dagokienez, oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen zituzten saltokiak aukeratu zituen Bilbao Ekintzak, eta horietatik, izena eman zuten lehenengo 75 establezimenduek hartu dute parte. Bilbao Arte Fundazioak ikasleen tutore izan diren hamar artista aukeratu zituen, aurkeztutako hogeita hamar eskabideetatik.

Bilbao Ekintzak 400 euroko diru-laguntza eman du sariketan parte hartu duten Arte Ederretako Fakultateko ikasleen kasuan; Bilbao Arteko artistei dagokienez, diru-laguntza 600 eurokoa izan da, proiektua ekoizteko eta garatzeko gastuen kontzeptu gisa.

Berrikuntza: ibilbide gidatuak

Aurten, berrikuntza gisa, Arteshop 2015 egitasmoaren erakusketa fasean zehar merkataritza saltokiak bisitatzeko doako ibilbide gidatuak antolatu dira; horrela, herritarrek Arteshop 2015 ekimenean parte hartu duten artelanak eta saltokiak gertuagotik ezagutzeko aukera izan dute. Merkataritza-ibilbide hauetan parte hartu dutenen artean 50,00 euroko hogei sari zozkatu dira, Arteshop 2015 programan parte hartzen duten saltokietan gastatzeko.