Maiatzaren 22az geroztik, taldeak musikaz bete du Areatzako kioskoa ostiral guztietan. Ekainaren 19 honetan berriro ere egitarau animatua eskainiko du, ordena kronologikoan, 1907tik 2001era doazen lanak eskainiz. Bandarako lan hoberenen 100 urte baino gehiagoko bideari emango zaion gainbegiratua izango da.
Kontzertuari hasiera emateko, Percy Aldridge Grainger konposatzaileak XX. mendearen hasieran, amaren urtebetetze opari gisa idatzi zuen Molly on the shore egongo da entzungai. Pieza horren ondoren Ralph Vaughan Williamsen English folk song suite etorriko da, eta ostean horren ikasle izandako Gordon Jacoben An original suite lana. Jarraian, George VI. erregearen koronazio ekitaldian estreinatu zen William Waltonen Crown Imperial. A coronation march orkestrarako martxa. Kontzertuari amaiera emateko, Edward Gregson konposatzaile handiaren Festivo eta Philip Sparke londondarraren Invictus entzun ahal izango dira.
1971n Muron (Alacant) jaioa, Jose Rafael Pascual Vilaplana, ospe handiko musikagile, irakasle eta zuzendaria da. Joan den urtarrilaren 15az geroztik, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularra da, eta kargu horrexetan jarraituko du ondorengo 3 urteotan, kontratua luzatzeko aukerarekin. Musika ikasketak bonbardinoarekin eta pianoarekin hasi zituen Muroko Musika Batasuneko Musika Eskolan, eta gero, Alcoi eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Jan Cober (Holanda), Eugene Corporon (AEB), Karl Österreicher, Hans Graf eta Yuji Yuhasa (Austria) eta Georges Pehlivanian (Eslovenia) maisuen eskutik, Banda eta Orkestra Zuzendaritzan trebatu zen. Hainbat talde sinfonikoren eta Bandaren zuzendari gonbidatua izan da.
2009tik hona, Istituto Musicale G.A. Fano de Spilimbergo (Italia) deritzon erakundeko ikastaroen Zuzendari Artistikoa da, eta irakasle gonbidatu lanean dihardu Trentoko (Italia) ISEBen eta Kolonbiako Kultura Ministerioaren Bizikidetzarako Musika Plan Nazionalean.
Ganberako lanak, lan sinfonikoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentala konposatu ditu, baita Balansiyyà musika ikuskizuna ere. 'Batuta del Mtro. Tomás Boufartigue' saria eman zioten (Habana, 1991). Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997 eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen 'Ignacio Morales Nieva' Musikako Sari Nazionala jaso zuen.
Bandak udaberriko kontzertu-zikloa amaituko du bihar, baina ez kontzertu-jarduera. Aste Nagusian, taldeak Areatzako kioskora eramango du berriro musikarekiko grina abuztuaren 23tik 30era arte, eta horren aurretik ere, Banda hainbat emanalditan entzuteko aukera ere izango da.Ekainaren 24an, esaterako, kontzertua eskainiko du Bilboko Koral Elkartearekin batera Bilboko Done Bikendi elizan, 19:30etatik aurrera.