Greziako herriarekin eta austeritate aurkako elkartasun deialdia gaurko

'Greziarekin, Austeritatearen Kontra' plataforma 2015ko eka. 25a, 08:05

Joan den urtarrilean, Euskal Herriko hainbat pertsona eta elkarte batu ginen Grezian norabide egokian gauzak eraldatzeko aukera bazegoela ulertzen genuelako. Troika eta Kapitalaren Europa geldiarazteko ere aukera garrantzitsua zabaltzen zela ulertzen genuen  eta baita herriek eta hiritarrek euren etorkizuna libreki erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko ere, kanpoko eskusartzerik gabe.

Urtarrilean hautatutako Greziako Gobernuak agindu argia jaso zuen, Grezia gizarte larrialdira eraman duten politikei aurre egitea. Azken bost hilabeteetan Gobernuak urrats garrantzitsuak eman ditu norabide horretan eta honen aurrean Europako eta nazioarteko instituzioek Grezia mehatxatu eta hautesleek espresuki errefusatutako neurriak inposatzen saiatu dira.

Azken urteotan eta azken hilabeteetan, batez ere, Greziako Herria Troika eta bere politiken aurka mobilizatu egin da. Euskal Herritik subiranotasunaren defentsan merkatuekin emandako konfrontazioa txalotu egin behar dugu eta nazioarteko instituzioen mehatxu eta interferentzien aurrean Greziako Herriari gure babesa adierazi nahi diogu.

Austeritatearen aurkako borroka honen emaitzak, ez du bakarrik greziarren etorkizuna definituko, era berean, demokrazia eta berdintasun handiagoa lortzeko borrokan dauden Europako herrien etorkizuna ere definituko du. Instituzioek portaera onartezina hau gelditu eta Europako herritarrak direla euren etorkizuna erabaki behar dutenak aitortu dezaten presionatu behar ditugu.

Mezu politiko argi bat bidaltzea da garrantzitsuena. Greziako gizartea ez dago bakarrik, elkartasunaren eta duintasunaren Europa baten alde borrokatuko dugu eta gotorleku bilakatutako Europa baten eta irabazien Europaren aurka borrokatuko dugu.

Presio antidemokratiko horiek salatzen ditugu eta Greziako Herriak bere eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko eta bere etorkizuna askatasunean eraikitzeko duen eskubidea errespetatzea aldarrikatzen dugu.

Hori dela eta herritarrei mobilizatzeko eta Greziako Herriari babesa erakusteko deia egiten diegu. Gure aldetik, mobilizazio bat deitzen dugu Greziako Herriaren alde eta austeritate politikaren kontra gaur, ekainak 25, 19:00etan, Bilboko Arriaga Antzokiaren parean "Greziarekin, Austeritatearen Kontra" lelopean.

 

Greziarekin, Austeritatearen Kontra Plataforma