Abian da 'Clap! Gazte Umoraldia' Martzana kaian

uriola.eus 2015ko eka. 26a, 09:45

Argazkia: Coevent

Gazteei eurek proposatu eta prozesuaren fase guztietan eurek bideratutako umore ekitaldia sortzeko aukera ematen die 'Clap! Gazte Umoraldiak'. Emaitzaz larunbatera arte gozatu ahalko da Martzana kaian. Ez dira faltako bakarrizketak, txisteak, ateraldiak edota adar-jotzeak.

'CLAP! Gazte Umoraldiaren' ezaugarririk eta bereizgarririk behinena umorea eta gaztetasuna konbinatzea da, umorea Bilboko gazteei beste modu batean, modu urratzaile eta sortzailean hurreratzea, alegia. Hiru jardunaldi horietan helduentzako bakarrizketak, hurbileko magia, musika zuzenean eta inprobisazio eta magia-tailerrak izango dira gustu dutenentzat.

Aurreko edizio biak Areatzako kaian egin baziren ere, hirugarren honetan ekipoak lekuz aldatu gura izan du ekitaldia. Egin-eginean ere, eraberritze-prozesu bizian dagoen aldera. Bilbo Zaharrak gero eta tira handiagoa du Bilboko gazteentzat.

Profil ezberdinak duten 23 gaztek, atzo hasita zapatura arte, Martzana Kaia gazteentzako topaleku bihurtuko dute. Eurak arduratuko dira hiru eguneko 'CLAP, Gazte Umoraldia' antolatzen. Umoreak bere lekua du ekitaldi honetan eta herritar guztiek ondo pasa dezaten pentsatuta dago.

 

'CLAP! Gazte Umoraldiaren' programazioa

Ekainaren 26a, barikua: umorea Miguel Iribar, Sil de Castro eta Enrique Loyolaren eskutik. Oliver magoak berriro txundituko ditu ikusleak bere hurbileko magiarekin. Penny Lane DJ izango da jardunari amaiera emango diona bere musikarekin.

Ekainaren 27a, zapatua: egun osora luzatuko da programazioa. Goizean, tailer bi helduentzat: inprobisazio-tailerra eta magia-tailerra. Goiza amaitzeko, Oliver magoak bere showa eskainiko digu. Arratsaldean, berriz, Oihan Vega (euskaraz), Stephy Llaryora, Sergio Encinas eta Maria La Vikinga (telebistako Aida telesaioan aritua) euren bakarrizketekin arituko dira. Oliver magoak berriro txundituko ditu ikusleak bere hurbileko magiarekin. La Indieteca DJ izango da amaiera emango diona Clap! ekitaldiari bere saio batekin.


'CLAP Gazte Umoraldia' sare sozialetan dago; besteak beste, Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetan.

coeventbilbao.wordpress.com

 

Sormen prozesua

Coevent programan parte hartzen dutenek hausnarketa egiteko aukera dute, euren gustuko ekitaldiak antolatzeko. Era berean, prestakuntza jasotzen dute eta sektore askotako profesionalek lagundu egiten diete; hain zuzen, sektore honetakoek: Komunikazio, segurtasun eta ekitaldien antolaketaren arlokoek. Helburua euren ekitaldia hirian gauzatzea da. Eta horrelaxe sortu zen CLAP.

Coevent programaren barruan izandako ekimenetatik arrakastatsuenetakoa 'Bilbao Beach' izan da. Areatzan 2013an instalatu zen hondartza. 2014an Coevent programako gazte parte-hartzaileek Bio Bike Eguna prestatu zuten. Aisialdi jasangarrirako ekimenak ondo pasatzea eta jasangarritasuna batera joan daitezkeela agerian utzi zuen.