Indarkeria sexista

Elkarretaratzea egingo dute arratsaldean larunbateko sexu erasoa salatzeko

uriola.eus 2015ko eka. 30a, 09:03

Bilboko Koordinadora Feministak elkarretaratzea deitu du 20:00etan Arriagako plazan, larunbatean, Kale Nagusian emakume batek jasandako eraso matxista errefusatzeko. 

29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat goizean Bilbon, 17 urteko emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Ustez, neskatoa alkoholaren eraginpean zegoen eta telefono mugikorra ere lapurtu zion.

Segurtasun Sailak esandakoaren arabera, larunbatean bertan, 09:00ak aldera, izan zen erasoa Kale Nagusian.

Ertzaintzak emandako bertsioaren arabera, Kale Nagusitik zebilen ertzain patruila batek gizonezkoa alkoholaren eraginpean zegoen emakumea sexualki erasotzen ikusi zuen. Era berean, mugikorra lapurtzen ziola ere ikusi ahal izan zuten.

Haiengana hurbiltzean, erasotzailea identifikatu eta atxilotu; eta anbulantzia bat eskatu zuten emakumearentzat, ospitalera eraman zezaten.

Erasotzailea Bilboko Zaintza Epaitegiko epailearen esku utzi zuten igandean bertan. Askatasun sexualaren aurkako delituari eta lapurreta falta bati aurre egin beharko die.