Jendetza hurbildu zen atzo Arriagako plazara. Lehenengo elkarretaratzea egin zuten eta ondoren, greziarrei babesa agertzeko, "austeritate politikak" errefusatzeko eta erabakitzeko eskubidearen alde, bozka herritarra irudikatu zuten.
Greziarrak bozkatzera deitu zeuden atzo, uztailak 5. Gobernuak deitutako erreferendumean, Mediterraneoko herrialdeak zorra ordaindu ahal izatearen aitzakiapean Europako erakundeek eta nazioarteko finantza-erakundeek proposatutako "muturreko doikuntza eta austeritate neurrien inguruko iritzia" eman behar zuen.
Atzoko elkarretaratzean, Greziarekin, Austeritatearen Kontra Plataformak argi utzi zuen, Greziako Gobernuak azken hilabeteetan, Europako erakundeekin izandako negoziazioek
erakutsi dutela, "krisian jokoan dagoena, ez dela auzi tekniko edo finantzieroa, eredu sozio-eknomikori eragin eta demokraziaren mugak zalantzan jartzen dituen kontua" baizik.
Greziako herriak, azken bost urteotan "austeritateak eragindako larrialdi humanitarioa, gainditzen lagunduko dioten politikak erabakitzeko" eskubidea zutela aldarrikatu zuten baita, "austeritatearen inguruko galdeketa lehen mailako ekintza demokratikoa" dela ere.
Bukatzeko mezu argi bat plazaratu zuten: "Etorkizuna lapurtu nahi dieten Greziako herritarrak, eta bereziki Greziako langileak, Greziako pentsiodunak eta gazteak ez daude bakarrik, gu Euskal Herriko herritarrak, subiranotasunaren eta justizia sozialaren aldeko euren borroka partekatzen dugu, Europar Batasunean agintean den, irabaziak gurtzen dituen eta pertsonen aurkako hormak jartzen dituen eredu neoliberalaren aurrean, elkartasuna eta pertsonen duintasuna nagusi izango diren Europa eta mundu baten alde".