'Eztabaidak literaturarekin' ekimenaren hitzordu berriak jendearen aurreko eztabaida proposatuko du, euskaraz idatzitako literatur irakurle gazteengana eta testu horien egile belaunaldi berrira hurbiltzeko. Mahai gainean jarriko diren gaien artean gazteek euskal literaturan betetzen duten lekua, horien zaletasunak, blogek eta sare sozialek literatur sorkuntzan betetzen duten lekua edota euskaraz idatzitako literaturaren etorkizuna izango dira, gero eta gehiago ikus-entzunezko produktuak kontsumitzen dituzten gazteak kontuan izanda.
Katixa Agirre (Gasteiz, 1981) idazle arabarrak helduentzako lehenengo eleberria argitaratu berri du Elkar argitaletxean, Atertu arte itxaron. Idazleak Sua falta zaigu eta Habitat kontakizun bildumak eta umeei eta gazteei zuzendutako hainbat lan ditu argitaratuta aurretik. Road-novel arima duen liburu berriak Euskal Herritik egiten den bidaia kontatzen du. Pertsona eta gizarte mailako gatazkak eta horiei aurre egiteko moduak dira liburuaren argumentu nagusia.
Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) kazetaria, editorea, itzultzailea, gidoilaria eta euskara irakaslea da. Argitaratu zuen lehenengo lana Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) kontakizun bilduma izan zen. Bigarren liburua Haragia (Susa, 2007) izan zen, eta 2010ean, genero horretan idatzitako hirugarren lana den Katu jendea (Elkar) argitaratu zuen. Azken lan horrekin idazle gazteentzako Igartza beka, Euskadiko literatur sari garrantzitsuenetakoa, jaso zuen.
Hitzordua: gaur, irailak 15 asteartea, 19:30ean izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera doan izango da.
Bederetzigarren edizioa
2007ko urtarrilean 'Eztabaidak literaturarekin' egitaraua martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte, besteak beste.