'El discurso del rey' antzezlana gaur eta bihar ikusgai egongo da Arriagan

uriola.eus 2015ko ira. 18a, 09:08

Azken bost urteetan kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik harrera beroa jaso duen filmetako baten antzerkirako bertsioa helduko da Arriaga antzokira: El discurso del rey. Adrian Lastra eta Roberto Alvarez izango dira protagonista nagusiak. 

Colin Firth protagonista zen film britainiarrak arrakasta handia lortu zuen txarteldegian 2010ean estreinatu zenean, eta sari ugari ere jaso zituen. Horien artean 4 Oscar sari (Film hoberena, Zuzendari hoberena, Antzezle hoberena eta Jatorrizko Gidoi hoberena), 7 Bafta sari eta Urrezko Globo bat azpimarratu behar dira.

David Seidler, filmaren gidoilaria, arduratu da antzerkirako lana idazteaz, testuari umorea gehituz, eta Emilio Hernandezek egin du gaur eta bihar, irailak 18 eta 19, arratsaldeko 20:00etan, Arriaga Antzokian, Magüi Miraren zuzendaritzapean, antzeztuko den gaztelaniazko moldaketa.

Bertie, hau da, George VI. erregea, antzeztuko duen Adrian Lastra eta Lionel Logue logopeda izango den Roberto Alvarez dira El discurso del rey lanaren protagonista nagusiak. Gainerako antzezleak Ana Villa, Gabriel Garbisu, Lola Marceli eta Angel Savin dira.

Sinopsia

Historia, Albert Printzeak 1925ean Wembleyn ematen duen hitzaldiaren eta pertsona berak, George VI. errege gisa dagoeneko, 1939an, Alemaniarekin gerra hasi dela iragartzeko, ematen duen hitzaldiaren artean gertatzen da. Izan ere, hogeita hamarreko hamarkadako Europan, Espainia gerra zibilean zegoen, Hitler Alemanian bere proiektu anexionistak eta indarkerian oinarritutakoak aldarrikatzen ari zen, eta Ingalaterrak, Edward VIII.ak kargua utzi eta gero, 'Bertie' isila eta hitz-totela du errege, George VI. erregea, bere herritarrei irratiz pena edo barrea eragin gabe zuzentzeko gai ez dena. Masa gizartean, komunikazioek garrantzi handia lortu zuten garaian, herri guztiaren sinbolo den gizonarentzat ezinezkoa da bere herriarengana zuzentzea lotsa sentiarazi gabe.

Gizon batek bere burua gainditzeko aurrera daraman borroka da, emaztearen baldintzarik gabeko maitasunarekin eta umorea erabiliz, historiak berarengandik eskatzen duenaren mailan egotea lortzeko terapia gisa. Eta gizon horren eta bere logopedaren, ordu eta sentimendu asko konpartituko dituen gizonaren, arteko adiskidetasunaren historia ere bada. Eta baita jasotako botereari buruzko gogoeta sakona ere.

Sarrerak

Sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.