Herritarren parte-hartzetik sortutako gune honetan, taberna-jatetxea, diseinua, musika, artea eta kultura aniztasuna elkartuko dituzte giro ezin hobean eta horrela egin zuten asteburuan; kontzertuak, bideo emanaldiak eta marrazkigintzarekin zerikusia duten ekintzak ez baitziren falta izan.
Proiektu honek zenbait aurrekari ditu, 1988-1994 bitartean Kultur Bar izeneko espazioa zegoen auzoko ekintza sozio-kulturalak batu eta garatzeko. Ondoren, 1998an Txakur Berdea Sarea elkarte kulturala martxan jarri zen San Frantziskoko Auzo Elkartearen eskutik eta bertan parte hartu zuten, Goizalde, Askagintza, Galtzagorri, eta Zabalako Auzo Elkarteko kideek.
Beraz, Sarea, elkarte sare honen egoitza izan zen eta bertan apostu garbia egin zuten, auzoaren hirigintza eta egoera sozio-kulturalaren eraberritzea. 40 bazkide inguruk sortutako talde batek, hilero kuota bat ordaintzen zuen ekintzak aurrera eramateko eta programazioan aniztasuna lortzeko. Hasieratik talde bat bideratu zuten espazioaren eskaintza sozio-kulturala lantzeko eta ondorioz, ez ziren erakusketak, eztabaidak, kontzertuak, edota antzerkiak falta izan. Lokalaren erantzukizun ekonomiko eta administratiboa Aldauri Fundazioak hartu zuen bere gain; 2002tik aurrera enpresa txiki bat sortu zuelarik lokaleko tabernako barrako lana aurrera eramateko.
2008an eten zen espazio honen jarduna eta geroztik proiektu berri batean lanean ibili badira ere, asteburuan jendarteratu zuten Sarean.