Ekoizpen lan handia da, denboraldiko indartsuena, inolako zalantzarik gabe, eta William Shakespeareren lan klasikoari are eta erakargarritasun handiagoa ematen dion alderdi berritzailea jasotzen du, emanaldietara doazenek Shakespeareren poesiaz euskaraz eta gaztelaniaz gozatzeko aukera izango dutelako. Eta hori gutxi balitz, antzezpenean zenbait keinu egingo zaizkio lanaren jatorrizko hizkuntzari, eta hainbat eszenatan antzezleak ingelesez arituko dira. Beraz, bertsio elebidunaz eta, une batzuetan, hiru hizkuntzako bertsioaz hitz egiten ari gara. Hala ere, horrek ez du inolako ulermen zailtasunik eragingo, ikus-entzuleek inolako arazorik gabe jarraitu ahal izango baitute antzezlana. Horretarako, testu osoa euskaraz eta gaztelaniaz azpi-titulatuta egongo da.
Uda gau bateko ametsa antzezlana Pablo Viarrek zuzenduko du. Pablo Viar hainbat antzezlanen arduraduna izan da eszena zuzendari gisa, besteak beste Arriaga Antzokiak 2011n egin zuen El Caserío ekoizpen lan propioarena. Ikus-entzuleek arrakasta handiz jaso zuten, eta bera izan zen moldatzailea, zuzendaria izateaz gain.
Pablo Viar bera izan da, antzerkirako bertsioaren sorkuntza prozesuaren barruan, ikuskizuna bi hizkuntzak nahastuz eta ukitu batzuk ingelesez eskainiz egitea planteatu duena. Izan ere, hasiera batean bi bertsio egitea planteatu zen, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz, horrela, hizkuntza bakoitzean 4 emanaldi eskainiz. Baina proiektua gauzatu ahala, antzezlanean hiru hizkuntzak agertzea erakargarriagoa izango dela ikusi du zuzendariak.
Ondorioz, 8 emanaldi eskainiko dira, 2016ko apirilean, bi astez jarraian, asteazkenetik larunbatera bitarteko bi txandatan, lehenengoa 6, 7, 8 eta 9an, eta bigarrena 13, 14, 15 eta 16an. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira, apirilaren 13koa eta 14koa izan ezik, egun horietako emanaldiak goizez izango baitira, 11:00etan.
Uda gau bateko ametsa lanaren moldaketa berri horrekin, Arriaga Antzokiak bat egingo du mundu mailan, 1616ko maiatzaren 3an hil zen (beste iturri batzuek apirilaren 23an hil zela esaten dute, egutegi juliotarraren arabera) dramagile, poeta eta antzezle ingelesaren heriotzaren 400. urteurreneko ospakizunarekin. Jatorrizko izenburua A Midsummer Night's Dream duen komedia handi hori 1595ean idatzi zuen Shakespearek, ziurrenez 1596ko otsailean egin beharreko Sir Thomas Berkeleyren eta Elizabeth Careyren arteko ezteiak ospatzeko.
Laguntza antzerkiko harrobiari
Antzezle taldea euskal antzezleek osatzen dute, eta horien artean eszenan finkatuta dauden eta euren kategoria erakutsi duten Itziar Lazkano edo Gurutze Beitia eta zeresan handia ematen ari diren antzezle gazteagoak daude, Mikel Losada, Ylenia Baglietto, Lander Otaola, Itxaso Quintana edo Aritza Rodriguez, besteak beste. Antzezle taldea osatzeko Iñaki Maruri, Karmele Larrinaga, Mitxel Santamarina, Eneritz Artetxe, Kike Gago, Sara Barroeta, Itziar Fragua, Aiora Sedano eta Maria Urzelai ditugu, guztiak ere mota anitzetako lanak egiteko gai diren artistak.
Arriaga Antzokiak, bertako eszenari eman beharreko laguntzaren barruan, hainbat denboraldi daramatza klasiko handien lanak ekoizten eta eszenaratzen, euskal antzezleek interpreta ditzaten. Hor daude, adibidez, iaz egin zuen Goldoniren Los enamorados lana eta urte honetan bertan, joan den denboraldian, ekoiztu duen Chéjoven La Gaviote. Orain, Uda gau bateko ametsa lanarekin, Arriaga antzokiak beste pauso bat eman du, ikuskizuna euskaraz eta gaztelaniaz muntatzean, ingeleseko ukitu batzuekin.
Antzezlanaren sinopsia
San Joan gaua gau liluragarria omen da. San Joan gau batean kokatzen du Shakespearerek komedia hau. Irudimenezko Atenasen dago girotua, eta bertan, Teseo dukeak Hipolitarekin ezkontzeko falta diren orduak kontatzen dituen bitartean, mespretxatzen dituztenak maite dituzten eta maite dituztenak mespretxatzen dituzten gazte batzuen maitasun gorabeheren berri jasoko dugu. Eta gauzak gehiago nahasteko, Oberonek, maitagarrien erregeak, eta Titaniak, erreginak, euren arteko borroketan, denak babestera doazen eta komiko konpainia bat bere antzezpena prestatzen ari den basoa sorginkeriaz beteko dute. Dena prest dago gauak ohe kide bitxiak egin ditzan eta guztiak ere, egunez maite zutela ziotena ez den gorputza besarkatzeko grinaz egon daitezen.
Sarrerak
Emanaldietarako sarrerak, 7 eta 18 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.