Invernaderok Mario Gasen, ehun antzezlan baino gehiago zuzendu dituen eta azken hamarkadetako eszenak eman duen izen handienetakoa denaren, zuzendaritza bikaina du. Halaber, bi aktore handi dira antzezle talde ikusgarriaren buru, Gonzalo de Castro eta Tristan Ulloa, eta eurekin batera, lehen mailako artistak, Carlos Martos, Isabelle Stoffel, Jorge Uson, Javivi Gil Valle eta Ricardo Moya.
Aztoragarria eta garratza, Invernadero Harold Pinterren lan hoberenetakoa da. Berrogeita hamarreko hamarkadan idatzi zuen, baina unerik egokienean estreinatzeko gorde zuen… hogeita hamar urte geroago. Orain moldaketa zirraragarri hau Arriaga Antzokira helduko da, ikus-entzuleek gaurtik, ostegunetik, urriaren 1etik, aurrera goza dezaten, larunbatera, urriaren 3ra, arte. Hiru egunetan (ostegunean, ostiralean eta larunbatean) funtzioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da.
'Teatro del invernadero'
Pinterren babespean sortu da 'Teatro del Invernadero', estetikaren, etikaren eta metodologiaren ikuspegietatik funtsezko elementu gisa ulertutako antzerkiaren aldeko apustua egiten duen profesional taldea. Printzipioz, Gonzalo de Castro, Tristan Ulloa, Paco Pena eta Mario Gas dira, gaztelaniazko "invernadero", negutegi, hitzaren esanahian oinarrituz, inguratzen gaituen "negua" igaro nahi dutenak, tenperaturari eta hezetasunari konstante eutsiz, horrela antzerkiaren eta konpromiso estetikoaren eta bizitzakoaren hazkundeari lagunduz eta inguratzen gaituen munduari erantzunez.
Talde horrek antzerkia eta bizitza gizarte baten bilakaera politikoaren partaide direla eta ahotsa erabili eta bakoitzak esan beharrekoa entzun behar dela aldarrikatzen du. Horren lehenengo emaitza Arriagara heldu da: Invernadero.
Harold Pinter eta Invernadero
Harold Pinter (London, 1930 - 2008) XX. mendearen bigarren erdialdeko eragin gehieneko egileetako bat dela esatea gauzak asko murriztea da. Izan ere, dramagile eta poeta britainiarra, beste batzuen artean 2005eko Literatura Nobel Saria, Berlingo Zilarrezko Hartza, BAFTA saria, Canneseko Urrezko Palmondoa eta Oscar Sarietarako bi izendapen jaso dituena, XX. mendearen bigarren erdialdeko Ingalaterrako eszenako adierazgarri nagusia eta Europa osoan eragin gehieneko egileetakoa da. Horren arrazoia, bere eta beste egile batzuen (R. Shaw, James Joyce, David Mamet…) 30 antzezlan baino gehiago zuzendu dituen eta zinerako hainbat gidoiren atzean dagoen egilearen literatur lan handia da –29 antzezlan, 22 gidoi, poemak eta saiakerak–. Zinerako egin dituen gidoien artean J. Loseyren El Sirviente eta El Mensajero, Elia Kazanen El ultimo magnate eta Karel Reiszen La mujer del teniente frances daude.
Harold Pinterren antzerki unibertsoa pertsonala, paregabea, apurtzailea, kritikoa eta ideologikoa da. Mario Gasek berak azaltzen du "ez dagoela Pinter bakarra, hainbat baizik, izendatzaile komun nagusiak elkartutakoak: mendebaldeko hiriko gizakia, haren alienazioa, disoluzioa, itxuraz demokratikoa baina erabat suntsitzailea den mendebaldeko boterea gero eta handiagoa egiten den bitartean".
Horregatik, zuzenena bere dramaturgian eta antzerki estiloan Pinterrek Pinter asko biltzen dituela esatea izango litzateke. Hori ulertuz, Hothouse jatorrizko lana eta, ondorioz, baita Eduardo Mendozak Invernadero izenburuz sinatzen duen bertsio bikaina ere, fartsa beltzen, garratzen eta korrosiboen Pinterri dagokio. Izenburua ikusita, Invernadero horrek leku baltsamikoa, errehabilitaziorakoa, iradoki dezake, baina dirudienaren aurkakoa da, izua eta suntsidura, zabartasuna eta zigorrik gabeko hilketak, desagerpenak, eta erakundeen isiltasuna instalatu diren lekua.
Egokitua
Urriaren 3ko ikuskizuna, larunbatekoa alegia, ikusmen urritasuna duten pertsonentzako egokituta dago, Arriaga Antzokiak ONCE-rekin sinatuta duen hitzarmena dela eta. Hitzarmen horren helburua pertsona horiei kulturara hurbiltzen laguntzea da. Antzezlanaren programa ere braillez izango da.
Saio guztietarako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.