Udalak, inguruko zenbait kultur eragilerekin elkarlanean antolatzen duen “BLV-ART” programaren barruan dagoen ekimena, auzo horiek goitik behera birgaitzeko elementu bultzatzaile gisa kulturaren aldeko apustua egiten duen Plan Bereziaren barruan dago.
BLV-ARTek formatu handiko horma-irudi berria sartuko du hiriko paisaian, oraingo honetan SUSO33 (Madril 1973) artistak sinatua. Hainbat diziplinaren bitartez adierazten den oso artelan berezia aurkeztuko du: pintura, ekintza, bideoa eta arte eszenikoak.
Artelan berri horrek Kontzezio kalearen 13an dagoen eraikinaren fatxada hartuko du, eta aurreko edizioetako horma-irudiak bezala, inguru horretan ikusi ahal izango den eta biztanleentzat eta Bilbo Zaharrean bizi ez diren gainerako pertsonentzat artearen ikuspegitik elementu erakargarri bilakatu nahi duen bildumaren parte bilakatuko da.
SUSO33, Street Art izenekotik abiatuz, hori gainditu eta, hiru hamarkadaz, pintura, ekintza, bideoa eta arte eszenikoen bitartez adierazten den diziplina anitzeko lana zabaldu duen sortzaile ezaguna da. Graffiti ikonografikoaren eta diziplina horretan lengoaiarekin esperimentatzearen aitzindaria da, eta baita Post-Graffiti, Street-Art eta Hiriko-artearen lehenengo artistetakoa eta live painting izenekoak Estatuan duen adierazle nagusia.
SUSO33ren lana museoen eta bilduma publikoen eta pribatuen fondoetan dago, eta hainbat aldiz aintzatetsi da zenbait arte sariketetan, PHOtoespaña10eko bideoarte sari nazionala, besteak beste, eta, horrez gain, Mncars, Caixaforum, Thyssen-Bornemisza, Artium, CAAM, Bukaresteko Arte Garaikide Museoa… bezalako lekuetan erakutsi da.
SUSO33k espazio publikoa errebindikatzen du bizitza artistikoaren espazio nagusi eta artistaren eta haren lanaren hartzaileen komunikaziorako ezinbesteko euskarri gisa. Bere lana arte akademikoaren eta kaleko artearen estereotipoetatik eta formalismoetatik urruntzen da eta ikuslearekin izan beharreko komunikazioan zentratzen da, eragina sortzen duen lengoaia ulergarria eta zuzena izateaz gain, oso intimista eta poetikoa den eta, horregatik, ikusleen arreta piztu duen lengoaia erabiliz.