'Ana Maria Matute gogoratuz' izenburupean, Idoia Jauregi kazetariak moderatuko duen topaketak berriro ere atzera begiratuko du, idazlearen familiari buruzko alderdiak eta alderdi intimoak aztertzeko, haurtzarotik Gerra Zibilaren urteetara, ezkontza eta ondorengo banaketa –hori egitea erraza ez zen urte haietan–, baina baita literaturaren alorrean izan zituen lorpen handiak ere, Cervantes Sariaren bitartez (2010) letren maila gorenera heltzeko.
Matuteren bizitzatik egingo den bidaia horretan Maria Paz Ortuñok hartuko du parte. Editore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle da baina, beste ezer baino gehiago, Matuteren adiskide eta laguntzaile pertsonala izan zen, idazlea hil zen arte. Horrez gain, idazlearen ondoan orduak eta orduak igaro zituen emakumea eta Matutek amaitu barik utzi zuen eskuizkribua, dagoeneko hil ondorengo liburua den Demonios familiares azken eleberria, ordenagailura sartu zuena.
Rosa Regasi (Bartzelona, 1933) dagokionez, Filosofia eta Letretan lizentziatua da Bartzelonako Unibertsitatean. Idazle eta itzultzaile, ezaguna da literaturaren alorrean, egile eta editore gisa, egin duen ibilbidearengatik, eta baita Liburutegi Nazionalaren presidente izateagatik ere.
Rosa Regasek eleberria eta saiakera argitaratu ditu. 1991n bere lehenengo eleberria, Memoria de Almator, argitaratu zuen, baina 1994an egin zen ezagun irakurleen artean, Azul lanarekin Nadal Saria irabazi zuenean. Bere ospeak behin betiko bultzada jaso zuen 2001ean Planeta Saria irabazi zuenean La cancion de Dorotea lanarekin. Regasek kulturaren munduan egin duen lanak hainbat aintzatespen jaso ditu, Chevalierren Ordena edo San Jordi Gurutzea, besteak beste. Horrez gain, bere ibilbidean hainbat sari irabazi ditu, 2013ko Biblioteca Breve izenekoa adibidez, Musica de camara lanarengatik.
Bederatzigarren edizioa
2007ko urtarrilean 'Eztabaidak literaturarekin' egitaraua martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.