Roger Padullesek eta Maria Escobarrek jarriko diote ahotsa 'Die Schöne Magelone' errezitaldiari

uriola.eus 2015ko urr. 14a, 09:30

Bilbon, 2015eko urriaren 14an- Nortasunez betetako bi ahotsek, Roger Padulles tenorearenak eta Maria Escobar sopranoarenak, eta Iain Burnside bezalako pianojole bikainak osatzen dute Die Schöne Magelone (Magelone ederra) lanaren musika eskeletoa.

Johannes Brahmsen, inolako zalantzarik gabe erromantizismo alemaneko konposagile garrantzitsuenetako baten, pieza klasiko bat berrinterpretatu eta beste ikuspegi batetik landuko dute, bihar osteguna, urriak 15, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Arriaga Antzokian jarraitu ahal izango den ikuskizunean.

Ikuskizunaz ari gara, errezitaldi antzeztua delako. Hori dela eta, Iban Beltranen zuzendaritza eszeniko zirraragarria, eta garai guztietako musikak eman duen pertsonaia nagusietakoaren, Clara Schumannen, azalean sartzen den Merce Aranega antzezlearen lana hartu behar dira kontuan. Robert Schumann senarra (beste konposatzaile handi bat) hil ondoren, bizitzan aurrera egiteko laguntza Johannes Brahmsengan aurkitu zuen emakumea izan zen Clara Schumann. Clara beste 40 urte bizi izan zen, eta Brahms beste 41, bakoitzak bere lan ibilbidearekin jarraituz, hiri desberdinetan. Hala ere, mota guztietako espekulazioak zabaldu ziren bien arteko harremanari buruz. 

Die Schöne Magelone, Ludwig Tiecken (1773-1853) Magelonean oinarritutako Brahmsen 15 abestiz osatutako zikloa da. Bere ziklo substantzialena izango da, ziurrenez, bere lieder produkzioaren puntu gorenean. 1860 inguruan idatzitako abesti horiek, gaur egungo ikuspegitik komikoa ere izan daitekeen gertakari segida zailean ematen den zaldun erako maitasun istorio epikoa deskribatzen dute. Hala ere, Brahmsek eta Clarak ez zuten inoiz istorio hori arinkeriaz hartu, eta errezitaldian zehar artistek horren zergatia aztertuko dute.

Bestelako ikuskizuna

Die Schöne Magelone lana, musikarik ez duten istorioaren parteak abesti eta abesti artean kontatuz interpretatu izan da gehienetan. Argumentuari dagokionez loturarik ez duten abesti independente gisa ere antzeztu izan da. Hala ere, hemen aurkezten dizuegun ikuskizunak ikuspegi alternatiboa erakusten du. 

Ikuskizunerako sarrerak 9,50 eta 32 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.