Dagoeneko Jaso Ikastolak muntatzen duen hirugarren musikala da, izan ere aurretik Txanpon baten truke (2012-2013) eta Iki Milikili Klik (2013-2014) prestatu zituzten.
Invoc4tium birritan eskainiko da. Ikus-entzule guztientzako hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da, eta sarrera garestienak 10 euro balioko ditu. Aurretik, goizez, Jaso Ikastolak emanaldi berezia eskainiko du 11:00etan, eta emanaldi horretan Bilboko eta inguruetako hainbat ikastetxetatik eta ikastoletatik etorritako 850 ikasle baino gehiago bilduko dira.
Ikastolako 12 eta 16 urte bitarteko 44 ikasle ari dira 2014ko irailetik Invoc4tium prestatzen. Imanol Janicesek (Gorputz Heziektako irakaslea), Edu Sernak (Ikastolako Zuzendari Pedagogikoa) eta Irantzu Zabalzak (Lhko irakaslea) zuzendutako saio honetan, helburu nagusia, euskararen sustapena eta kultura egiteko beste modu bat aldarrikatzea da. Hori guztia, disziplina anitzeko ikuskizun batean uztartuz. Zentzu honetan, ikasleak motibatzen dituzten alorrak landuz garatzen dituzte euren konpetentziak– gidoia sortu, abestien letrak moldatu, lan audiobisualak egin, dantzak, aktuazioak eta bestelakoak koordinatu-. Horrela, disziplina, talde lana eta batez ere, bizikidetza bezalako baloreak sustatu dira prozesuan zehar.
Musikal honek duen beste helburu nagusietako bat natura zainketa sustatzea da. Mezu hau indartzeko asmoz, ikuskizunaren atal berri bat ikusiko da aurreneko aldiz emanaldi honetan, orain arte erakutsi ez dutena. Horretarako, aipatu beharra dago Iruñako Mankomunitatearen laguntza.
Sinopsia
Lurra, haizea, sua eta uraren kontrola lortu nahi dute heriok (Pablo Roncales) eta bere laguntzaileek mundua haien eskuetan jartzeko. Hau ekiditeko Naiara (Saioa Castillo), Alain (Xabier Dean) eta Ametsek (Miren Lopez) abenturaz beteriko bidaia bati ekingo diote 4 elementuak ohartarazteko asmoz. Ama Natura (Maialen Pasual) inbokatzea ezinbestekoa izango dute haien helburua lortzeko.
Ikuskizunerako sarrerak 5 eta 10euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.