'La ría de Bilbao' eta sortu zuen iskanbila

uriola.eus 2015ko urr. 15a, 09:30

1920 eta 1966 bitartean Bilbon ekoitzi ziren ikus-entzunezkoak ikusteko aukera eskaini du 'Bilbo Zinemaz Blai' dokumental-zikloak. Gaur azken alea pantailaratuko dute Euskal Museoan. 1966an grabatutako 'La ría de Bilbao' film laburra ikusi ostean, Pedro Olea zuzendariak filmari buruz hitz egingo du bertaratzen diren lagunekin.

Dokumental "historikotzat" jotzen dute adituek 'La ría de Bilbao'. Izan ere filmak, Bilbo Zaharretik hasita El Abrara arteko bizilagunen jarduera azaltzen du. 1966ko bizimodua, hain zuzen ere. Orduan, lanean ari ziren Bilbo Zaharreko meatzeak, bizi-bizi zegoen La Palancako gaueko giroa eta Athleticen Piru Gainza zen kapitaina. Erakusten ditu, besteak beste, Zazpikaletako txikiteoa eta Barakaldoko labe garaien lana. 60ko hamarkadako tokiko bizimoduaren erretratua da, "poesia sozial kontakizunak lagundurik".

Filmak "iskanbila handia" sortu zuen, garai hartan "debekatuta zeuden gaiak jorratzeko izan zuen ausardiagatik". TVErentzat sortu zuen Pedro Oleak dokumentala.

Proiekzio-saioan aurkezpenak eta elkarrizketak egiteaz Alberto Lopez Echevarrieta eta Carlos Bacigalupe kazetariak arduratuko dira.

Hitzordua: gaur, urriak 15 osteguna, 19:30ean, Euskal Museoan. Dokumentalak ikusteko doan izango da Euskal Museoko sarrera.

www.euskal-museoa.org

Argazkia: © Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco 2015