Ana Belen da Medearen bertsio berri honen protagonista, Adolfo Fernandez antzezle handiak lagunduta, eta antzezle taldea osatzen duten gainerako artisten ekarpen bikainarekin: Consuelo Trujillo, Luis Rallo, Poika Matute, Alberto Berzal, Olga Rodriguez, Leticia Etala eta Horacio Colome. Guztien artean antzezlan zirraragarria eta indarrez betea, baina aldi berean azkarra eta dibertigarria, osatzen dute.
Medeari buruz hitz egitea letra larriz idatzitako lan klasiko bat aipatzea da, baina, hala ere, antzezlan honetan erabateko gaurkotasunez azaltzen zaigu. Horretan asko laguntzen du Vicente Molina Foix polifazetikoaren testu dramatiko bikainak, Euripideren eta Senekaren idazkietan eta Rodaseko Apolonioren eleberrian eta Ovidioren poema kontakizunetan oinarrituta, klasizismoa eta modernotasuna batera agertzen diren eta era bikainean uztartzen diren antzelana idatzi baitu. Jose Carlos Plazaren zuzendaritzak indartu egiten du Medeak duen unibertsaltasun eta denboraz kanpokotasun izaera hori.
Aipagarriak dira, baita ere, Francisco Lealen eszenografia indartsua eta Pedro Morenoren jantzi zainduak. Elementu horiei esker ikus-entzuleak berehala sartzen dira istorioan.
Medeari buruz
Mito horrek mendebaldeko kultura guztia zeharkatu du, klasikoek eta garaikideek landu dute, antzerkira, zinera eta literaturara eraman da… Miguel de Unamunok berak Senekaren lana itzuli zuen, adibidez.
Medearen mundua mundu iluna, esoterikoa eta magikoa da, eta odola da bizia sortzen duen elementua. Hortik datoz gazteen erritual odoltsuak, haien sakrifizioak elikatzen duelako lurra, beste gazte batzuk elikatuko dituzten fruituak eman ditzan. Beraz, biziaren zikloa da, eta ziklo horretan Medea sorgina da Kolkidako mundu ilun horretako erritoa gidatzen duena.
Baina Jasonen gizonezko mundua agertu eta ukipenaren ondorioz Medeak –mendebaldeak erreprimitutako emakumearen dimentsio horri irteten utziz eta gizonak betidanik izan dituen eskubide sexualak eta bete izan duen ekintza erasokorra eta indarkeriazkoa bereganatuz– bere sustraiak, bere familia eta bere burua ere baztertu egingo ditu, Gizonaren aurrean amore emanez. Horrela, emakume primitibo eta beldurgarria, Kolkidako erregearen alaba, Jasonez maiteminduko da eta Urrezko ardi-larrua lortzen lagunduko dio, bereak traizionatuz eta lurrarekin eta familiarekin dituen lotura sakratuak moztuz.
Baina leku arraro, mundu aurreratuago, ez hain garbi eta arrazionalagora herbesteratuta, Medeak Jasonen traizioa jasango du. Une horretatik aurrera Medeak gizonezkoen ordenaren arau hori urratuko du, eta modu odoltsuan egin ere, bere semeak hilez, Jasonez mendekatzeko, gehien maite zituenak kenduz: bere ondorengoak. Maitasunetik sortu zena, maitasunarekin hil dadila, badirudi dela bere gogoeta latza.
Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.