Pintxo beganoaren festa hartuko du Somerak igandean

uriola.eus 2015ko urr. 30a, 08:13

Igandean, azaroaren 1ean, Beganismoaren Nazioarteko Egunean, 12:00etatik 16:00etara, Pintxo Beganoaren Festa ospatuko da lehen aldiz Somera kalean Gora Somera kultura elkartearen eta Piztiak Konpartsa animalistaren eskutik.

Ekimenaren helburua, elikadura-ohiturek kasu askotan hiltegietan milioika animalia torturatzea eta erailtzea eragiten dutela erakustea da eta bidegabekeria hauetan partehartzea ez dela beharrezkoa agerian uztea. Horrerarako, Somera kaleko 12 ostalarik animalia-ustiapenik gabeko pintxo dastaketa prestatuko dute. Bertaratzen diren lagunek pintxo gustokoenagatik bozkatu ahalko dute eta ondorioz, pintxorik onena prestatzen duen taberna saritua izango da.

Bozkaketa, Piztiak Konpartsa animalistak Someraren erdigunean ipiniko duen informazio-mahaian gauzatuko da; hemen ere dastatzaileek konpartsak antolatutako zozketa batean parte hartzeko aukera izango dutelarik.

Pub K2, Bikandi Jatetxea, Jaunak Jatetxea, Tirauki Taberna, Gure Etxea taberna, Jonen Etxea Taberna, Motrikés taberna, Nekane Taberna, La Mejillonera, Madariaga Taberna, Urkia Taberna eta Pepe Mujika Taberna izango dira ekimenean parte hartuko duten Somerako tabernak.