Bernardo Atxagaren 'Declaracion de Guillermo' taularatuko du gaur Jose Cruz Gurrutxagak

uriola.eus 2015ko urr. 27a, 08:57

Gaur, asteartea, hilak 27, sasoialdiko aurreneko Arriagako Gelatxoa izango da eskenatokian, 20:00etatik aurrera. Jose Cruz Gurrutxaga antzezlea taula gainera igoko da Declaracion de Guillermo antzezteko, Bernardo Atxaga autorearen testua.

Lan horretan bi etorkinen istorioa kontatzen da, hain zuzen ere 1960ko hamarkadaren hondarrean Cordobako Rute herritik Bilbotik gertuko lantegi batera lan egitera iritsitako Guillermo eta Peperen istorioa.

Jose Cruz Gurrutxagak berak burutu du testuaren antzerkirako egokitzapena eta Susana Soleto da lanaren zuzendaria. Aipagarriak dira, baita ere, Fran Lasuen egileak musikari dagokionez egindako lana eta Charo Martinezen jantziak. Azken honek, gainera, atrezzoa ere diseinatu du.

Declaracion de Guillermo garai eta leku zehatzetan kokatzen bada ere, hala lanean kontatzen zaizkigun bizipenak nola bertan azalerazten diren sentimenduak edozein une historikoan zein tokitan gerta litezke. Izan ere, finean, antzezlan honetan zera irudikatzen da: ilusioa, toki berriak, badaezpadako etorkizuna eta oroitzapenez beteriko maleta bat, iraganetik heldu dena etorkizun berri bat eraiki beharrez, atzean utzirik maitasuna, etxekoak eta sorterria, hots, ezezagunaren aurkako babesgarri guztiak. Protagonista biak bide horri lotzen zaizkio ezagutzen ez duten etorkizun bat eraiki nahian, eta etorkizun horretan aurkituko dituzte esperientzia berriak eta bide-bukaera bana. Ikusleak, aldiz, batere espero ez duen amaiera bat.

Ikuskizunerako sarrerak 9 eta 14 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.