Gizakiaren erradiografia dakar 'Kreditua' antzezlanak gaurtik larunbatera

uriola.eus 2015ko urr. 29a, 08:36

Jordi Galceranen testuaren kalitateak bermatzen ditu 'Kreditua' antzezlana ikustera doazenen barreak. Obrak ondo funtzionatzen duen froga jaso dute Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreek orain arteko dozena bat emanaldietan. Gaurtik larunbatera Arriaga antzokian ere "badakigu funtzionatuko duela", iragarri dute.

Hiru urte segidan darama 'Kreditua'-ren gaztelerazko obrak Madrilen antzezten. Eta "ez da kasualitatea", Joseba Apaolaza aktorearen esanetan. "Zerbait azpimarratzekotan", lanaren atzean dagoen Jordi Galceranen testuaren "kalitatea" azpimarratu du Apaolazak gaurko aurkezpenean. "Funtzio guztietan egin du barre jendeak, badakigu funtzioanatzen duela eta hemen ere funtzionatuko duela, Arriaga antzokian, futbol zelai onenean".

Izan ere, Galceran ospe handiko autorea da mundu osoan. Egiteko modu "arrakastatsua" du. Umorea eta intriga ezin hobe uztartzen ditu, eta ondotxo daki pertsonajeen bilakaera eta estatus aldaketak irudikatzen. Oraingo honetan "bi lagun muturreko egoeran" jarri ditu, kreditua eskatzera doan laguna, batetik, eta banketxe txiki bateko zuzendaria, bestetik. Haserre eta mehatxuka jardungo dira, baina Apaolazak eta Gurrutxugak abiapuntu horixe baino ez dute kontatu nahi izan. Galceranek bezeroaren ahotan banketxeei eginiko kritikak jartzen baditu ere, gaurkotasun handiko testuinguru hori baino "gizakien erradiografia egitea" da obraren ardatza. Xume eta jauntxo bezala agertzen diren bi lagun horiek hainbat bilakaera izango dute.

Sukurtsaleko zuzendariaren paperak eta bere garapen "patetikoak" lanean "gozatzeko" aukera eman dio Apaolazari. 'Kreditua'-ren bi aktoreren arteko 90 minutuko obra da, "futbol partidu oso bat", apenas atseden gabea, eta testu asko duena. "Euskara sutsua eta abiadura bizia" duena. Bere curriculumak jasotzen dituen 30 antzezlanetan ez du hain lan "exijenterik izan" Apaolazak. Eta hala ere oso gustura dago. "Pertsonaje hau goxoki bat da", esan du.

Zuhaitz Gurrutxagak antzerkian esperientzia gutxi duen arren, "segurtasun handia" erakutsi du bere lankide Joseba Apaolazaren hitzetan. "Ez da batere normala obraren zailtasuna kontutan hartuta". Hitz kateatuak partekatuko ditu Gurrutxagak Apaolazarekin Arriaga Antzokian urriaren 29an, osteguna, 11:00etan eta beste bi arratsaldez, ostiralean eta larunbatean, biak ere 20:00etan.

Futbolari ohia eta telebistako aurkezlea da Gurrutxuga. Duela bi urte Txalo konpainiarekin 'Hiru' antzezlanean paper txiki bat egin zuen. "Nik ez nekien nire bizitza hemendik joango zenik", aitortu du eta azken hilabeteetan ikasia "kurtso askorekin" ikasten denarekin parekatu du. 

Fernando Bernuesek Galizian 'O crédito' ikuskizuna eraiki ostean etorri da da euskararako egokitzapena Aitziber Garmendiaren itzulpenarekin. Jatorrizko bertsioaren "umore guztia" jasotzeaz gain, hizkera eta hitz jokoak asko landu ditu Garmendiak. Azken testu hori osagai "umoretsu eta ederrenetakotzat" jo du Apaolazak.

'Kreditua'-ren eraikitze prozesua "goxoa eta laburra izan da", besteak beste, Bernuesek oso argi izan duelako "zer eta nola" eszenara eraman.

 

www.teatroarriaga.com