Herri Kurduari babesa agertzeko manifestazioa deitu dute azaroaren 1ean

Kurdistanekin elkartasuna ekimenak deituta, manifestaldia burutuko da datorren igandean, azaroak 1, 12:00etan, Arriagko plazan, Herri Kurduari, eta bereziki Kobaneko herriari, elkartasuna adierazteko.

Joan den urtean bezala, aurten ere azaroaren lehena, Rojavaren eta herri kurduaren aldeko borroka eguna dugu. Kurdistango erresistentzia, Daeshen aurkako batailaz gain arrazakeria, misoginia eta kapitalismoaren aurkako borroka baten eredu da. Lurraren defentsaren bidez nazio eraikuntzan dihardute, proiektu askatzaile eta demokratiko bat eraikiz. Data hau ordea, ez da Kobaneren erresistentziaren oroigarri bakarrik. Ekainean Turkiako hauteskundeetan lehenengoz HDP, kurdu zein turkiar iraultzaileen koalizioak, parlamentuan sartzea lortu zuen AKP partidu faxistari boterea mantentzeko aukera urratuz. Azaroaren 1an, herri kurduak berriz aldarrikatuko du Kurdistan libre bat Turkia demokratiko batean nahi duela.

Ideia demokratiko hauen aurkako Turkiaren oldarkeriak anitzak izan dira, Estatu Islamiarra deritzonaren itzalpean HDP nahiz kurduen aurkako atentatuen zein atxiloketen bitartez herri kurdua kikiltzen saiatu izan dira. Eraso hauek, kurduen aurkakoaz gain, bertan bizi diren gutxiengo, iraultzaile zein herri langilearen aurkakoak ere badira, guzti horien askatasuna aldarrikatzen baitu HDPk. Urrian Ankaran izandako atentatuak berriz berretsi du estatu turkiarraren eskrupulu falta, non sindikatuek deitutako manifestazioan 138 herritar erahilak izan ziren.

Horretaz aparte, gerra egoeraz baliatze asmotan, mugako lurretan segurtasun neurriak ezartzeko interesa agertu du. Honen bitartez, airez nahiz lurrez kurduen aurkako ofentsiba bortitza abiatu eta Siriar lurretan bere indar militarrak kokatzea du helburu estatu turkiarrak, indar inperialisten onespenarekin.

Kurdistanen garrantzi geopolitikoak interesgunean jarri ditu botereak, Lehenengo Mundu Gerraren ondoren banandutako zonaldearen kontrola birantolatzeko asmotan alde guztietatik erasotua izaten ari da Ekialde Hurbileko txoko hau. Herri borrokalari honek ordea, erantzun zuzenak emateko gai dela behin eta berriz erakutsi du eta antolakuntza eredu aitzindariak martxan jarri ditu. Arlo militarrean ISISen aurka nahiz hirietan militarren aurkako erasoei frente egiteko trebetasunak argi utzi dituzte.

Jasotako bortizkeriak ordea, kalte handiak eragin ditu zonaldean eta berreraikitzeko laguntzak behar beharrezkoak dira. Eman diezaiekegun laguntzarik onena, ISIS-inperialismo zein estatu turkiarraren arteko aliantzen gaitzespena eta herri kurduak aske izateko duen eskubidea aldarrikatzea izango da.

Biji Berxwedana Kurdistan!