Ahotserako, pianorako eta errezitatzailearentzako errezitaldiak bi parte izango ditu. Lehenengoan, bertaratuek Alban Bergen eta Richard Straussen XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako piezak entzungo dituzte. Bigarrenean, Anton Garcia Abril konposatzaileak Ruben Fernandez Aguirre berari, bere musika metalengoaia ondoen irakurtzen eta itzultzen jakin duen interpretea izan dela ulertuz, eskaintzen dion 'Tres nombres de mujer' Abesti Zikloaren erabateko estreinaldia barne hartzen duen euskal musika errepertorioa eskainiko dute interpreteek. 'Tres nombres de mujer', euskal egileen poemetan oinarritutako beste horrenbeste abestik osatutako zikloa da. Horrela, Isabel abestiaren jatorria Blas de Oteroren poema batean dago, Ainhoa Bernardo Atxagaren poema bat da eta, azkenik, Begoña Angela Figueraren testu bat da. Azpimarratu behar da Ainhoa dela Terueleko egile bikainak euskaraz idatzi duen lehenengo abestia.
Garcia Abrilen azken konposizio lanez gain, Miren Urbietak eta Ruben Fdez. Aguirrek, Lander Otaolak lagunduta, Felix Lavillaren Cuatro canciones vascas eta Tomas Garbizuren Ume eder bat eskainiko dituzte, euskal sortzaileei eskainitako errezitaldiaren bigarren partean.
Alban Berg eta Richard Strauss
Kontzertuaren lehen parteak bi egile austriarren musika berreskuratuko du. Ikuskizuna Alban Bergen, 'Sieben frühe Lieder' ('Zazpi abesti goiztiarrak') lanaren berrikuspenarekin hasiko da, Arnold Schoenbergen lezioak jasotzen ari zen bitartean idatzi zituen sei abestik osatutako zikloa. Horietan nabarmena da Richard Straussen, Gustav Mahlerren, Hugo Wolfen eta Claude Debussyren eragina, eta erromantizismoaren azken etapako harmonien laburbilduma da. Hain zuzen ere, maisu horietako baten, Richard Straussen, lanaren parte bat izango da ikus-entzuleek ondoren gozatuko dutena, 'Gedichte aus Letzte Blätter', Op. 10 programa, hain zuzen ere.
Ikuskizunerako sarrerak 8 eta 12 euro bitartean lortu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.