Astelehenean abiatuko da 'Job bilatzen ari gara' programa

uriola.eus 2015ko urr. 30a, 11:00

Astelehean, azaroaren 2an, abiatuko da Bilborock Aretoan 'Job bilatzen ari gara' programaren edizio berria. Honen helburua gazteen berezko talentua eta trebezia pertsonalak eta profesionalak xaxatzea da, lagungarri gerta dakien lana aurkitzeko orduan.

Sei saiotan dago banatuta programa. Parte-hartzaileek euren esperientziak trukatuko dituzte, konponbide berriak aurkitzeko lana bilatzean. Prestakuntza, etorria, motibazioa eta sormena izango dira sei saioen giltzarriak. 

Egitaraua

- Azaroak 2, astelehean, 19:00etan:

Lana bilatzeak ematen du lana: tailer honetan, aurkezpen ona egiteko bideoaren formatua, bideokurrikuluma deritzona, zelan egin irakatsiko da.

- Azaroak 9, astelehena, 19:00etan:

Txapela buruan eta ibili munduan: gure mugetatik kanpo lana bilatzen ari diren gazteentzako saio honetan, lanerako aukera horiek bilatzeko erak jorratuko dira.

- Azaroak 11, asteazkena, 19:00etan:

Dabilen harriari goroldiorik ez: euskara hutsean egingo den saio honetan, parte-hartzaileek, zenbait jolas-teknikaren bidez, euren motibatzaileak, motibazioak eta jomugak ezagutuko dituzte.

- Azaroak 16, astelehena, 19:00etan:

Neuk egin eta neuk jan: krisialdi ekonomikoak gazte asko autoenplegura bultzatu ditu, lanik ezaren arazoari irtenbidea emateko. Euskaraz eta erdaraz eskainiko den tailer honetan ekintzailetza aztertuko da lan munduko alternatiba moduan. Zenbait eredu landuko dira ekintzaile izateko, zeintzuk alderdi hartu behar diren kontuan eta zein laguntza dugun bide horretan.

- Azaroak 23, astelehena, 19:00etan:

Sareratuta, sare sozialak eta enplegua: sare sozialak lana bilatzeko tresna moduan aztertuko dira tailer honetan. Sare hauek zabalkunderako duten ahalmenak aukera berriak eskaintzen dizkie hautagaitza bat pertsona askori helarazita, aukerak biderkatuz. Sareok ondo erabiltzen jakitea abantaila handia da gazteentzat.

- Abenduak 2, asteazkena, 19:00etan:

Bilboko gazteen proiektuei buruzko PechaKucha berezia: 'JOB bilatzen ari gara' programari amaiera emateko gazteen proiektuei ahotsa emango dien gertakaria prestatu da. Bilboko gazteen 10 proiektu aterako dira argitara PechaKucha izeneko formatuaren bitartez.

'Bilboko gazteen PechaKucha berezia' izango da amaiera emango diona 'JOB bilatzen ari gara' programari. Gertakari motibatzailea da entzungo duten gazteentzat, gazteak inspiratu, animatu eta kutsatu egingo dira ikustean eurak bezalako pertsonak gauza interesgarriak ari direla egiten hirian. Aldi berean, ahalordetzeko gertakaria izango da eta aukera bikaina euren proiektuak PechaKucha formatuan aurkeztuko dituztenentzat; euren proiektua 6 minutu eta 40 segundotan laburbiltzeko saioa; proiektua ezagutzera emateko aukera eta publikoaren aurrean honelako ekitaldian aurkezteko erronka.

Saio honetan euren proiektua aurkeztu nahi dutena helbide elektroniko honetara bidali dezakete: pechakuchabilbao@gmail.com 

Tailerrak solteak eta doakoak izango dira. Izena emateko epea saio bakoitza egiten den egunera arte luzatuko da edota plazak amaitu arte eta 944151306 telefonoan edo bilborock@ayto.bilbao.net helbide elektronikoan egin daiteke.