Bilbon birziklatzea bultzatzeko kanpaina berria martxan da

uriola.eus 2015ko aza. 2a, 12:00

Udalak, Ecoembesek eta Ecovidriok Birziklatzearen Labirintoa izeneko birziklatzearen aldeko sentsibilizazio-kanpaina jarri dute abian. Bilbon, guztira, hondakinen % 70 birziklatzen da, jatorrian birziklatuaren eta TMBn tratatutakoaren artean. 

Birziklatzearen labirintoa. Horrelaxe deritzo Bilboko Udalak, Ecoembesek eta Ecovidriok antolatutako ingurumenaren arloko sentsibilizazio-kanpainari. Areatzako pasealekuan jarritako instalazio baten bitartez, 2015eko urriaren 29tik azaroaren 12ra bitartean ekintza berri bat gauzatuko da, plastikozko eta metalezko ontziak eta brikak bereizteko, baita beira, papera eta kartoia ere. Egurrezko paletekin egindako azpiegitura zeharo deigarria eta Areatzako zubitik eta hiriko erdiguneko leku batzuetatik ikusteko modukoa izango da. Kanpainaren dinamizatzaileak herritarrak gonbidatuko ditu parte hartzera eta labirinto xelebre horretara sartzera 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era bitartean astegunetan eta 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara astegoienetan.

Aurreko kanpaina guztietan legez, helburua adin guztietako jendea jabearaztea da birziklatzeak eguneroko jardunean duen garrantziaz. Hartara, dinamika atsegina, ludikoa eta parte hartzekoa aukeratu da jakin-mina zirikatzeko eta herritarrak xaxatzeko labirintoaren barruan ibiltzera. Parte hartzen duten pertsonek ezustekoz eta elementu deigarriz betetako ibilbidea aurkituko dute, ontziak modu egokian bereizteko ohiko mezuak jaso ahala. Birziklatutako materialez egindako hainbat gauza ikusi ahal izango dituzte modu grafikoan eta errealean; adibideak ere bai, konparazioak egin ahal ditzaten, hala nola, zenbat freskagarri-txoletekin egin daitekeen bizikleten gurpil-uztai bat; zenbat esne-brik behar diren zapata-kaxa bat egiteko edota zenbat zereal-kaxa liburu bat egiteko. Datu, konparazio, adibide eta mezu guztiak era atseginean aurkeztuko dira, abentura hutsa izan dadin Bilbon inoiz ikusi den ingurumenarekin gehien lotutako labirintoan sartzea.

Horrez gain, labirintoaren oinarrizko ibilbidean ontziekin eta frakzioen arabera koloreetan banandutako edukiontziekin lotutako panelak ipini dira. Barruko korridoreetan eta bihurguneetan pertsona batek dinamizatuko du ibilbidea eta galtzen derenei aurkituko dituzten tresnak, collageak eta gainerako elementuak azalduko dizkie. Modu ludikoan, adin guztietako pertsonak labirintoan sartu ahal izango dira bi ateetako zein-nahitatik, kontrako aldekotik irteteko. "Kale itsuak" ere egongo dira, irteerarik gabekoak alegia, eta kaleotan familia batek hilean sortzen duen beirazko, paperezko eta kartoizko hondakinen kopurua eta ontzi arinak aurkituko dituzte, berbarako. Eta, gauez, labirintoko ibilbidea modu bitxian egingo da: antolatzaileek utzitako esku-argiekin. Bilbotar guztiak animatu nahi ditugu kanpina ludiko eta entretenigarri honetan parte hartzera. 

Birziklatzea Bilbon

Bilbo bide bat baino gehiago ditu hondakinak hautaz biltzeko. 

Alde batetik, hondakinak batzeko kaleko edukiontziak.

 

Birziklatzea hobetzeko ahaleginari esker, Bilbon hondakinen ia % 70 birziklatzen dira, guztira 150.000 tona urtean.

% 29 inguru jatorrian birziklatzen da eta gainerako % 40a TMBn.

Obra, Zerbitzu Hiri Eraberritzea eta Espazio Publikoaren Sailak lanean jarraituko du, kanpina honetan eta beste batzuetan, birziklatzearen eta hondakinen balorizazioaren alde, sinesturik kontzientziazioa eta pedagogia direla jasangarritasuna hobetzeko biderik zuzenena.