Taldearen proposamen berria, pieza hauek osatuko duten programa bikoitza izango da: Itzulera eta Jaietan. Bietan Kissar Ensemble arituko da, Asier Eguskizaren zuzendaritzapean. Eta Itzulera lanean, Ius Perezek zuzendutako Ugaoko Sarea Abesbatzak ere abestuko du.
Itzulera Kirmen Uribe idazlearen jatorrizko ideian oinarritzen da. Koreografia Asier Zabaletarena da eta Juan Carlos Perez arduratu da musikaz. Gainera, Josu Camara antzezleak parte hartzen du. Itzulerak Andima Ibiñagabeitia euskal idazlearen azken egunak kontatzen ditu. Caracasen erbesteratuta, Bilbora itzultzeko bidaia prestatzen ari da, hainbeste urte igaro eta gero. Gaixorik, hegazkinean bidaiatzen ari dela amesten du, eta leihotxotik Bizkaiko txokoak ikusten ditu: haurtzaroko Elantxobe, bonbek desegindako Gernika, Gorbeia inguruko baserriak eta Bilbo industriala. Eta ustezko itzulera hori Jon Mirande adiskideari kontatzen dio, gutun batean. Baina gutun hori ez zuen inoiz idatzi, eta Andima Ibiñagabeitia ez zen inoiz bere jaioterrira itzuli. Heriotzaren aurreko ametsa baino ez zen izan.
Jaietan, bere aldetik, Olaeta Balleten ideia da erabat, eta koreografia Mari Carmen Muñozek eta Jone Goirizelaiak prestatu dute. Pieza honetako musika anitza da, Kepa Junkera eta Jose Luis Franco bezalako artista ezagunen lanak eta musika herrikoiak entzuten direlako. Oraingo honetan umeek eta gazteek ostatutako balleta da eszenatoki gainera igotzen dena, jaien antolakuntza eta ospakizuna irudikatzeko. Lan gogorraren ondoren etxera itzuli eta gure eguneroko betebeharrak alde batera utziko ditugu, jaiez gozatzeko, eta ezinbestekoa da ondo prestatzea, ezer ahaztu barik. Izan ere, hori da helburua: egunerokotasunetik ihes egitea eta gure herriak eskaintzen digunaz gozatzea, jende guztiaren partaidetzarekin.
Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.