Artista askok telebistan aurkitu dute euren ibilbidea bultzatzeko behar zuten plataforma. Hori da Antonio Joseren, Palma del Rioko abeslari kordobarraren kasua. 20 urterekin arrakastaren olatua hartu du, La Voz izeneko talent show ezagunaren azken edizioa irabazi eta gero. Antonio Josek lehiaketa hori irabazi zuen, poperako eta baladetarako ezaugarri bereziak dituen ahotsari eta programan bere coach-a izan zen Antonio Orozco abeslariaren laguntzari esker. Antonio Orozcok bere hoberena ateratzen eta musikaren munduan izan duen ibilbide luzean jasotako irakaskuntzak ematen asmatu zuen.
Antonio Jose, Arriaga Antzokian arituko da igandean, azaroaren 8an alegia, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Abeslari honen ibilbide profesionalak erritmo ikaragarria lortu du ekainaren amaieran La Voz saioa irabazi zuenetik. Hilabete geroago, uztailaren 24an, El Viaje (2015) diskoa kaleratu zuen, Xavi Perezek eta John Caballesek (Antonio Orozcorekin lan egiten duen taldea) grabatua eta ekoiztua The Monkey Sound/Sealen (Bartzelona). Diskoa abesti berriek osatzen dute batez ere, baina La Voz lehiaketan interpretatu zituen abesti arrakastatsuenen 4 bertsio ere jasotzen ditu. Argitaratu ondoren, albumak 1. tokia lortu zuen Espainiako salmenta zerrenda ofizialean lau astez jarraian. Urrezko lehen Diskoa kaleratu eta astebetera lortu zuen, eta Platinozko Diskoa 3 aste geroago. Telebistako saio ezagunetik igaro ondoren, Antonio Josek zaletu asko eta asko lortu dituela erakusten du horrek.
Umetatik foku azpian
Kamera aurrean jartzea ez da gauza berria Antonio Joserentzat, ezta album bat grabatzea ere. Umea zela izan zuen bere lehen hurbilketa artearen mundu profesionalera, izan ere, 10 urte baino ez zituela, abeslari kordobarrak, telebistako Eurojunior formatu arrakastatsuaren bitartez, Eurovisión Junior Lehiaketan Espainiaren ordezkaria izatea lortu baitzuen 2005ean, Te Traigo Flores, abestiarekin, eta lehiaketa horretan bigarren geratu zen, Bielorrusiaren ondoren. Esperientzia haren ondoren izen bereko albuma, Te traigo flores, grabatu zuen, eta handik urte batzuetara heldu zen bere bigarren CD-a, Todo vuelve a empezar (2009). Baina orain, La Voz programan parte hartu eta gero, Antonio Josek ikus-entzule asko bereganatzea eta behin betiko gorako bidea hartzea lortu du, El Viaje lanari esker.
Ikuskizunerako sarrerak 20 eta 28 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!