Hitzordua euskaraz izango da, eta Jabi Baraiazarrak, Bilbao Mendi Film Festival izenekoaren zuzendariak moderatuko du. Protagonista gonbidatuak Juanra Madariaga poeta eta Ramon Olasagasti idazlea izango dira, biak ere mendizale amorratuak.
Mendiko literatura izango da elkarrizketaren ardatza, dagoen bibliografiari begirada eskainiz eta geografiaren eta mendiko espedizioen artean dagoen lotura historiko estua aztertuz. Mendian bizi diren egileek idatzitako literaturaren eta mendizaleek idatzitako lanen artean dagoen desberdintasuna ere aztertuko da.
Horretaz arduratuko da, alde batetik, hainbat zortzi milako egin dituen Juanra Madariaga poeta eta euskal filologoa. Gaur egun kulturako Nontzeberri argitalpen digitalean ari da lanean. 1988an Bizkaiko Foru Aldundiaren poesia saria irabazi zuen Imentzioaren pergamuak lanari esker. Poesia bilduma hori hurrengo urtean argitaratu zuen erakunde berak. 1992an Galera errepikatuak (Susa) liburua argitaratu zuen, eta hurrengo urtean, 1991n Imajina Ezazu Euskadi Saria irabazi zuen Elaien ausardia (Deustuko Unibertsitatea) lana. 1996an, Argia sortzen den izartegia (Alberdania arg.) liburuak Kritikaren Saria lortu zuen. 2000. urtean Euskaltzaindia-BBKren Felipe Arrese Beitia poesia saria lortu zuen. Bere poemetako batzuk gaztelaniaz ere irakur daitezke Ultimisima Poesia Española (Milenio) liburuan. 2001ean Fisica (Bassarai) poema liburua argitaratu zuen, 2003an Izozmendiak (Susa) eta 2009an Eroriaren logika (Susa).
Beste alde batetik, Ramon Olasagastiri dagokionez, mendizalea dela esan behar da, itzultzaile izateaz gain, eta kazetari gisa ere aritu da. Zenbait urtez mendiko kazetaritzan espezializatu zen Egunkaria egunkarian, eta kirol horri eskainitako gehigarriaren arduraduna izan zen. Gaur egun itzulpengintzan ari da, eta zenbait liburu argitaratu ditu: Manuel Iradier. Afrikako arimaren esploratzailea (Elkar, 2009) eta 22 euskal eskalatzaileri eta mendizaleri buruzko Mendi minez (Elkar, 2007), umeentzako zenbait ipuin kaleratzeaz gain.
Bederatzigarren edizioa
2007ko urtarrilean 'Eztabaidak literaturarekin' egitaraua martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte, besteak beste.