Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako udal bulegoak baliabide eta zerbitzu gida eguneratu du

uriola.eus 2015ko aza. 16a, 11:30

Gida 2013an editatu zen eta bai bilbao-lavieja.com, nahiz bilbao.net webguneetan kontsultatzeko eta jaisteko aukera dago. Agiri bakarrean auzo horietan dauden baliabide, zerbitzu eta ekipamendu guztiak biltzen ditu. 

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako udal bulegoak 2013an editatutako Baliabide Gida eguneratu du. Agiri bakar batean hiru auzoetan erabilgarri dauden zerbitzu eta ekipamendu guztiak bildu dira; hainbat erakunderen eta elkarteren lankidetzarekin. Gainera, gizarte-hezkuntzako, kulturaren alorreko eta auzokoentzako baliabideak jaso dituzte.

Udal bulegoak duela bi urte Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Baliabide Gidaren lehenengo edizioa argitaratu zuen. Gidak hurrengo atalei buruzko informazioa dakar: Udal Bulegoak; hezkuntza; kultura-jarduera; gizarte-ekintza; errehabilitazioa eta etxebizitza; ekonomiaren sustapena eta enplegua; Udaltzaingoa; osasun-etxeak; ikasle eta adinekoentzako egoitzak; eta elkarteak (auzokoenak, gizarte-eskuhartzea; soziokulturalak; ekonomia eta lan alorrekoak; eta aisia eta astialdikoak).

Hala, Gida honek Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako liburutegi, gizarte-zerbitzu, ikastetxe, anbulatorio, arte-galeriak eta musika-espazioak erabiltzaile guztien esku jartzen ditu. Lehenengo ediziotik bi urte igaro direnean, Udal Bulegoak Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Baliabide Gida berritzeari ekin dio eta bertan denbora-tarte horretan sortutako aldaketa eta moldaketa guztiak jasoko dira. Edizioa Interneten baino ezin da jaso. 

Horretan interesa duten guztiek eguneratutako gida jaitsi dezakete Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako Udal Bulegoaren webgunean ( bilbao-lavieja.com) edo udalarenean ( bilbao.net). Ekimena Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako 2012-2016 Plan Komunitarioaren barruan dago, hiru auzo historiko horietako auzokoek, elkarteek, erakundeek eta administrazioek diseinatutakoa.