Aurtengo jardunaldia "oso berezia" izango da auzoko hainbat eragile eta elkartek parte hartuko dutelako. Bidegintza Gizarte Ekimeneko Kooperatiba eta Jatorrak Eskaut Taldea erakundeek Umeak Kalean elkartean bat eginik dabiltza antolakuntzan; eta, ospakizun honetan parte hartu eta laguntzaile moduan Bizi Nai dantza taldea, Lur Soinuak musika eskola, 7Katu gaztetxea, Alde Zaharreko merkatarien elkartea, Bilbao Historiko, Educo, The Godoys Wonderers musika taldea, On Print & Design eta Plaza Barriko ostalaritza enpresak dituzte, besteak beste.
Arrazoi ugari
Auzoko neska-mutilei "kalea itzultzeko beharra" sentitzen du Umeak Kalean elkarteak. Egunero bertan aritzen diren gizarte eta hezkuntza eragileek adingabeen beharrak eta eskariak lehen eskutik ezagutzeko aukera dute, eta jardunaldietan hainbat ekintza antolatzen dituzte Alde Zaharreko ume eta gazteek parte har dezaten.
"Gizartearen parte-hartzea garrantzitsua da gizarte, hezkuntza eta kultura jarduerak garatzeko". Umeak Kalean elkarteak egoki deritzo proiektuarekin jarraitzeari, batez ere "elkartegintzatik bultzatuta". Hori dela eta, beste elkarte batzuen parte-hartzea sustatu du XX. jardunaldietan.
Beraz, ekimen honekin hainbat helburu bete nahi dituzte: "Ume eta gazteekin lan egiten duten talde eta kolektiboen topagunea izatea eta auzoko neska-mutilei eta beren familiei aisialdiko ekintza bat eskaintzea, beste neska-mutil batzuk ezagutu ditzaten eta denbora librea modu osasuntsu eta sortzailean erabiltzeko jai gunea izan dadin, kalea berreskuratu, jolas eta gozamenerako toki bihurtuz". Azkenik, haurren eskubideei buruz sentsibilizatzea dute helburutzat, "bereziki, jolasteko eta parte-hartzeko eskubidea".
Alde Zaharreko XX. Haur eta Gazte Jardunaldia - Egitaraua
11:00 Kalejira
12:00 Pregoia
12:00 - 15:00 Ume eta gazteentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak
13:00 Euskal Dantzak
17:00 - 18:00 1,2,3 festa! (berbena)
18:15 - 19:00 Txokolatada
19:00 - 20:00 Kontzertua: The Godoys Wonderers