Etxekoak Jon Gerediagak sortutako antzezlana da. Poesiaz betetako testua idatzi du, eta Ander Lipusek zuzendu du. Egia esateko bien arteko sorkuntza lana da, Lipusek eszenak imajinatzen dituen lekuetan Gerediagak hitzak jartzen baititu. Izan ere, azkenean, antzerkia, mugitzen ari den poesia baino ez da. Ander Lipus bera antzezle taldeko kide ere bada, Kristiane Etxaluzekin, Javier Barandiaranekin eta Maika Etxekoparrekin batera. Etxekopar duela ez asko, aurreko denboraldian hain zuzen, ikusi ahal izan genuen Arriagako taula gainean oso bestelako lanean, non eta Ederlezi pastoralean.
Etxekoak, gizarteak eta egungo estatuek sortu eta eraiki dituzten mugak eta lege zentzugabeak kritikatzen dituen antzezlana da. Zehatzago esanez, gaur egun “etxekoa/kanpokoa” dikotomian hain presente daukagun inmigrazioaren gaia lantzen du. Horrela, istorioaren planteamendua oso esanguratsua da, eta bi esalditan laburbil daiteke: Inor ezin da etxean sartu, hori dio legeak. Maddik Mamadou maite du, hori dio bihotzak.
Izan ere, Euskal herriko etxe batean gauzatzen den Etxekoak lanaren abiapuntua, itsasoaren beste aldean maitemindu zen eta atzerriko adiskide maitearekin egoteko modu bakarra berarekin ezkontzea zuen norbaiten istorio pertsonala da. Eta hor hasiko da guztia: burokrazia, administrazioko paperak, etengabeko joan-etorriak, elkarrizketak kontsuletxean… erabateko erokeriaz eta absurdoz betetako urteak eta urteak.
Pertsonaiak
Maddi: Neska euskaldun gaztea. Mamadourekin maiteminduta dago.
Goio: Maddiren osaba ergela.
Imanol: Goioren anaia. Maddiren osaba.
Amama: Maddiren amama, Goioren eta Imanolen ama.
Sarrerak
7 eta 18 euro artean
Salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.
Etxekoak
Konpainia: Huts Teatroa
Ekoizpena: Arte Drama
Zuzendaria: Ander Lipus
Egilea: Jon Gerediaga
Zuzendaritza laguntzailea: Mariya Aneva
Antzezleak: Kristian Etxaluz, Javier Barandiaran, Ander Lipus eta Maika Etxekopar
Musika: Asier Ituarte
Argiztapena: Josep Duhau
Jantziak: Leire Orella
Brodatuak: Karmele Lizundia
Eszenografia: Jose Pablo Arriaga
Panpina eta atrezzoa: Battit Halsouet