Kontzertua bera baino lehen, arratsaldeko 20:00etan, Vincent y el Giraluna izeneko 25 minutuko animazio film laburra eskainiko da. Film labur hori Luis Eduardo Autek berak marraztu, musikatu eta zuzendu du, eta, duela denbora gutxi argitaratu den eta artistari omenaldia egiten dion Giralunas izeneko diskoarekin batera argitaratu da, DVD formatuan. Izan ere, proiektu hori da Auteren bira berri honen jatorria.
Giralunas, Luis Eduardo Auteren omenez argitaratutako disko-bideoa da, eta bertan Espainiako eta Hego Amerikako hainbat artistak hartzen dute parte, hauek, hain zuzen ere (ordena alfabetikoan): Abel Pintos, Andres Suarez, Depedro, Els Amics de les Arts, Enric Montefusco (Standstill), Estopa, Leiva, Leonel Garcia, Miguel Poveda, Natalia Lafourcade, Rozalen, Ruben Pozo, Santiago Cruz, Solea Morente, Vanesa Martin eta Xoel Lopez. Argi eta garbi ikusten da Luis Eduardo Aute benetako erreferentea dela hainbat musikari belaunaldirentzat, batzuetan, ondo eraikitako autore abestietatik gertu egotetik sortutako musika kidetasunarengatik, eta besteetan gertutasun ideologikoarengatik, bere hitzek erakusten duten gizarte konpromisoarengatik.
Bandarekin eszenatoki gainean
Luis Eduardo Aute, bere ahotsarekin lehen mailako bandaren buru gisa etorriko da Arriaga antzokira. Taldeko kideak hauek izango dira: Toni Carmona gitarrekin eta musika zuzendaritzaz arduratuz; Cristina Narea kantautore txiletarra bigarren gitarra jole gisa, koruak eginez eta perkusio txikia joz; Cope Gutierrez teklatuetan eta programazioetan eta Mario Carrion baterian.
Ikuskizunerako sarrerak 12 eta 30 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.