Musikenek eta Donostiako Orfeoiak 'Las Golondrinas' interpretatuko dute Arriagan

uriola.eus 2015ko aza. 30a, 08:30

Musikenek, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, bat egiten du Jose Maria Usandizagaren urteurrenarekin Las Golondrinas obraren kontzertu bertsioa interpretatuz; konpositore donostiarrak zarzuela modura idatzia eta bere anaia Ramonek (1889-1964) opera bihurtua. 

Kontzertuak ikastegiko ikasleek osatzen duten Musikene Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoia bilduko ditu, konpositorearekin lotura handiko abesbatza azken hori. Arriaga Antzokiko taula gainera gaur, astelehena, igoko dira 20:00etatik aurrera.

Jesus Echeverrua Musikeneko Orkestra Ikasketen koordinatzailea da proiektu honen buru, Alberto Arrabal baritonoa, Mikel Zabala baxua eta ikastegian formatutako hainbat abeslari gazte ere bertan arituko direlarik. 

Las Golondrinas bere jatorrizko bertsioan hiru ekitalditako zarzuela handia zen, Maria Lejarraga eta Gregorio Martinez Sierraren Saltimbanquis draman oinarritua. Madrilgo Circo Prince aretoan estreinatu zen 1914ko otsailaren 5ean. Erabateko arrakasta izan zuen: hogeitaka urteko Jose Maria gaztea talentu handikoa zela onartu zuten guztiek.

Obra guztitik estreinaldian pasio handiena sortarazi zuen eszena Pantomima izan zen, bigarren ekitaldia irekitzen duen saio komikoa, kritikariek goratua: "Egitarau bikainenen artetik kontzertu pieza onenetakoa”. Estreinaldiak sortu zuen gogo biziaren ondoren obra Bilbo, Donostia, Valentzia, Zaragoza, Uruguay edo Argentina bezalako lekuetan antzeztu zen hurrengo urteetan.

1915. urtean Jose Maria Usandizagari heriotza goiztiar etorri ondoren, bere anaia Ramonek partituraren beste bertsio bat egin zuen, hitzez egindako elkarrizketarik gabe, lehen aldiz Bartzelonako Gran Teatro del Liceo aretoan eszenaratua 1929ko abenduaren 14an. Entzungo dugun bertsioa da.

Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.