2014ko martxoan Arriaga Antzokian bertan estreinatu zen eta kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik arrakasta handia lortu zuen Pankreas euskarazko lanaren gainean egindako gaztelaniazko bertsioa da. Telleria beraren antzerki pieza hura benetan gogoangarria izan zen, erabat bertsoan idatzitako euskarazko lehenengo antzerki testua izan baitzen. Gaztelaniazko bertsioa ere bertsoan idatzita dago, barre algarak sortuko dituen hizkuntza arin eta zuzenarekin.
Izan ere, antzezlan zentzugabe oso dibertigarriaz ari gara hitz egiten, Concha Bustok eta Centro Dramático Nacionalek ekoiztutakoa Tartean Teatroarekin eta Fernando Cayorekin lankidetzan. Juan Carlos Rubiok bikain zuzentzen du obra, erabat asmatzen baitu Patxo Telleriaren testuaren ñabardurak azpimarratzeko orduan, ikus-entzuleak berak nahi dituen lekuetara eramateko, barrera, gehienetan. Eta José Luis Raymond euskal eszenografo bikainak diseinatutako eszenatoki gainean emozioak sortzearen arduradunak lehen mailako hiru aktore dira, antzerkian, zinean eta telebistako serieetan egindako lanengatik ezagunak: Fernando Cayo, Alfonso Lara eta Santiago Ramos. Une jakin batean, euren adiskidetasunaren mugak aztertzera eramango dituen abagune bereziari aurre egingo dioten adiskideak antzeztuko dituzte.
Istorioa hau da: hiru adiskide dira, eta lehenengoak pankreas transplante bat behar du premiaz. Bigarrenak denbora larregi igaro aurretik bere buruaz beste egiteko asmoa du, zahartzaroa eta gainbehera saihesteko. Hirugarrenak elkartu egingo ditu, bigarrenari, bere buruaz beste berehala egin dezan planteatzeko, pankreasa lehenengoari emateko. Une horretatik aurrera gertakariak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati jarraituz: gerta daitekeen oro, arraroa edo bitxia dirudien arren, lehenago edo beranduago gertatu egingo da. Páncreas tragedia, komedia, bizia, heriotza, jokoa eta zortea da. Zer egingo genuke edo ez genuke egingo maite dugun norbaitengatik? Noraino helduko litzateke gure eskuzabaltasuna? Pankreaseraino? Nork daki. Agian, baliteke barru barruan, ukitu ezin den leku horretan, sentimendu ezkutuak eta diagnostikatzeko zailak diren desioak egotea.
Fair Saturday
Arriaga Antzokiak bat egingo du datorren larunbatean, azaroaren 28an, ospatuko den Fair Saturday ekimenarekin. Egun horretan, hainbat hiritako artistak, kultur erakundeak, taldeak eta espazioak helburu baten inguruan elkartuko dira: emanaldiak eskaintzea mundua aldatzeko. Azaroko azken larunbatean, ekitaldi bakoitzarekin GKE edo gizarte egitasmo bati lagunduz, emanaldiak eskainiko dituzten artistek eta kultur erakundeek aurrera eramandako kultur eta gizarte izaerako higikunde globala da. Horrela, larunbatean, arratsaldeko 20:00etan eskainiko den Páncreas emanaldia Fair Saturday izenekoa osatzen duten jardueren artean egongo da, eta funtzio horretan jasotako diruaren parte bat Munduko Medikuak Erakundeari emango zaio.
Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eskuratu ahalko dira www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.