Euskararen Eguna

'Kantaginjazz' emanaldia eskainiko dute Iñaki Salvador eta Ainara Ortegak

uriola.eus 2015ko abe. 3a, 06:30

Euskal musikari garaikideen kantuen jazz bertsioak interpretatuko dituzte Iñaki Salvador eta Ainara Ortegak gaur, hilak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean, Bidebarrietako areto nagusian. (From Café Bar Bilbao on Vimeo)

Iñaki Salvador bere musikari ibilbidean pianista, soinujole eta moldaketa lanetan aritu da euskal kantagintzako hainbat artisten disko eta kontzertuetan. Mikel Laboarekin izandako harreman luze eta emankorraz gain, 25 urtetan, Iñaki honako talde eta bakarlariekin ere aritu da lanean; Oskorri, Mikel Markez, Mikel Urdangarin, Amaia Zubiria, Xabier Euskitze, Imanol, Egan, Urko, Gorka Knörr, Txomin Artola eta Xabier Amuriza besteak beste.

Bere ibilbide pertsonalean lan ildo zabala izan du, begirada euskal kantuetan ezarririk beti ere. Euskal kanta tradizionalean, autore garaikideekin edota pianoarekin, euskal musikarekiko monografiko gisa berak bakarrik eginiko CDan, errepertorio honekiko joera garbia azaldu du bati.

Eta Ainara Ortegarekin sorturiko duo proposamen honek ere, ildo beretik sakondu nahi du hainbat abeslari garaikideen, elkarrekin lan egin izandakoak eta baita egun bizirik eta lanean ari direnen jazz bertsioak planteatuaz. Jazz koloreko piano eta ahots errezitaldi honetan beraz, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Oskorri, Mikel Markez, Amaia Zubiria, Juan Carlos Perez eta Gorka Knörr bezalako egileen kantuak entzuterik izango dira.