Eduardo Galeanori gorazarre egingo diote arratsaldean Bidebarrietan

uriola.eus 2015ko abe. 10a, 08:30

Argazkia: lamentable.org

Joan den apirilean hil zen Eduardo Galeano idazle uruguaitarraren omenez kontzertu antzeztua eskainiko dute Erre Arteka eta Maskaradako kideek gaur, hilak 10, 19:30etik aurrera Bidebarrietako liburutegian. Sarrera librea izango da.

El mundo al revés. Homenaje a Eduardo Galeano ikuskizuna mundu osoan ospea lortu zuen egile horren lanaren parte esanguratsuak gogoratzeko proposamena da. Eszenaren eta musikaren bitartez eskainiko den proposamen hori egilearen testuen aukeraketa zainduan oinarritzen da, abiapuntu gisa El mundo al revés lana hartuz. Testu horiek hainbat interpreteren bitartez entzun ahal izango dira.

Horrez gain soinu eta sampleatu trataera berriak jasotzen dira, adierazpenerako potentziala handitu ahal izateko, eta zenbait musika tresnaren zuzenekoa ere gehituko da. Eszenifikazio proposamen horren ikuspegi presentzialari dagokionez, set eszeniko baten sorkuntzan oinarritzen da. Set horretan egongo dira partaideak: lau antzezle –bi emakume eta bi gizon– eta musikariak. Proiektua Erre Arteka & Maskaradak zuzenduko dute.

Carlos Panerak egin du testuen hautaketa eta ikuskizuneko zuzendaritza lana. Interpreteak Panera bera, Sara Luesma eta Txema Trujillo izango dira.

Arkaitz Minerrek jarriko du zuzeneko musika eta Ibon Agirre arduratuko da soinuaz.

 

Eduardo Galeano (Uruguay 1940 – 2015)

Marcha aldizkari mitikoa izango zenaren editore gisa hasi zuen bere kazetaritza ibilbidea 1960an. 1973ko estatu kolpearen ondoren atxilotu egin zuten eta Argentinara joan behar izan zuen. Hainbat belaunaldi markatuko zituen eta Uruguayko, Argentinako eta Chileko diktadurek zentsuratu zuten Las venas abiertas de América Latina liburua argitaratu zuen. Lan horrek deskolonizazioaren ikuspegitik begiratutako Amerika Latinoaren historia proposatzen zuen, eta hori pentsaezina zen garai hartan nagusi ziren diskurtsoetan.

1976an Videlaren heriotzaren eskoadroietan kondenatuen zerrendan sartu zuten eta, ondorioz, berriro ere ihes egin behar izan zuen, oraingo honetan espainiar estatura. Bertan Memoria del fuego trilogia idatzi zuen (Latinoamerikaren historiaren gainbegirada). 1985ean Montevideora itzuli zen. Kazetari gisa egin zuen lanarekin batera narrazio lana ere egin zuen, beti ere konpromisoz betea eta gogoetarako deia eginez. Eduardo Galeanoren lanak pobreziaren, miseria moralaren eta materialaren kontrako fronte komuna ezartzeko deia egiten du. Bere lanek genero ortodoxoak gainditzen dituzte, dokumentala, fikzioa, kazetaritza, azterketa politikoa eta historia uztartuz.

Doctor Honoris Causa izendatu zuten hainbat unibertsitatetan: La Habanan, El Salvadorren, Mexikoko Universidad Veracruzanan, Argentinan dagoen Cordobako Universidad Nacionalean, Buenos Airesekoan eta Mexikoko Guadalajarako Unibertsitatean.

 

Argazkia: lamentable.org