Ruth Gonzalez eta Belen Lopez-Leonek Elias Benito-Arranzekin elkartuko dituzte ahotsak Arriagan

uriola.eus 2015ko abe. 10a, 08:56

Arriaga Antzokiko foyerrak, Emmanuel Chabrierren musika eta Eugene Leterrierren eta Albert Vanlooren libretoa duen akto bakarreko Une education manquée operetaren interpretazioa jasoko du gaur, abenduak 10, Arriagako gelatxoen programazioaren barruan. 

Lan horren estreinaldia 1879ko maiatzaren 1ean izan zen Parisen, eta konposatzaileak berak hartu zuen parte, pianoarekin. Chabrierrek 1878 eta 1879 artean konposatu zuen opereta arin eta bizi hori, eta estreinaldia 'Cercle international' izenekoak Boulevard des Capucinesen, Parisko lau bulebar handietako batean, antolatu zuen arratsaldeko denbora pasa gisa aurkeztu zen.

Ikus-entzuleek Arriaga Antzokian gozatu ahal izango duten errezitaldian Ruben Fdez. Aguirre pianojolea izango da emanaldiaren protagonista izango diren hiru ahotsei musika babesa emango diena. Ahotsak Ruth Gonzalez eta Belen Lopez-Leon sopranoak eta Elias Benito-Arranz baritonoa izango dira. Hiruen artean interpretatuko dute bere garaian Ravel, Hahn eta Messager, besteak beste, txunditu zituen eta bi ezkonberriren bizipenak kontatzen dituen opereta hori. Prestakuntza akademiko zabala zuten bi ezkonberriek, baina euren ezkon gauari aurre egitean guztiz xalo eta inozo agertuko dira. 

Opera hau oso gutxitan antzezten da gaur egun eta, ondorioz, maisutasunez interpretatutako lan bikaina ezagutzeko aukera paregabea da. 

Abiapuntua

Une education manquée lana honela abiatzen da: euren ezkontzatik itzultzean, Gontran gaztea eta Elena emaztea ezkontza gauerako aholkuen zain daude. Elena komentu batetik irten berria da, eta Gontran, maitasunari eta ezkontzari buruz izan ezik beste gai guztiei buruz irakatsi dion bere pretzeptorearen, Maese Pausaniasen, zaintzapetik.

Emanaldirako sarrerak 8 eta 12 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.