Eztabaidak Literaturarekin, jende aurreko elkarrizketa lasaiaren bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen Bidebarrietako Kulturgunearen ekimenak, Basilio Baltasar eta Xuan Bello idazleen arteko topaketa aurkeztuko du gaur, abenduaren 15ean. Bertan, sarritan polemikoa den literatur sarien gaiari buruz hitz egingo dute. Solasaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta Kulturan espezializatutako Cesar Coca kazetariak moderatuko du.
Eztabaidak Literaturarekin ekimenaren hitzordu berria, gaur egun dauden literatur sarietan zentratuko da –publikoak eta pribatuak– hainbat gai lantzeko: irakurleen artean duten sinesgarritasuna, egile batzuek sariei beren beregi uko egin izana, epaimahaiaren balorazio irizpideak, sari bat emateko kuotak egotea, lurralde mailako sari batzuetan edo literaturako alor jakin batzuetara zuzendutakoetan dagoen eremu mugatua, edo sinatutako lan bat edo egile ezezaguna duena epaitzeko orduan dauden aldeak, besteak beste.
Basilio Baltasar (Mallorkako Palma) idazle, editore eta kazetaria. Pastoral iraqui (Alfaguara, 2013) eleberria idatzi du. Santillana Fundazioaren zuzendaria eta literaturari buruzko blogen El Boomeran(g) atariaren editorea da. Horrez gain, Prisa taldeko Erakunde Harremanen zuzendaria eta Egilearen Bulegoaren zuzendaria izan da. Seix Barral argitaletxeko argitalpen zuzendaria eta Bitzoc literatur aldizkariaren eta Gala arte eta arkitektura aldizkariaren editorea izan zen. 1989 eta 1996 artean idazketarik gabeko gizarteen arteari eskainitako erakusketa programa (Cultures del Món. Art i antropología) zuzendu zuen. Musika sorkuntzarako Area musika fundazioaren babesle sortzaile, Bartolome March Fundazioaren zuzendari eta Jakober Fundazioaren presidente orde izan zen eta El Día del Mundo egunkaria zuzendu zuen.
Xuan Bello (Asturias, 1965) bere aldetik, gaur egungo egile azpimarragarrienetakoa da, eta lan asko idatzi ditu asturieraz. Bere lan poetikoa da ezagunena. 16 urte baino ez zituela argitaratu zuen bere lehenengo poema liburua, mendebaldeko asturieraz idatzia, Nel cuartu mariellu. Bere poesia lana El llibru de les cenices, Los nomes de la tierra eta El llibru vieyu liburuekin jarraitu zuen. Azken lan horrekin Teodoro Cuesta poesia saria lortu zuen 1993an. Ondoren Los Caminos Secretos argitaratu zuen. 1999an bere poesiaren antologia elebiduna (asturiera-gaztelania) argitaratu zen, La Vida Perdida izenburuarekin. Ospea, Hestoria Universal de Paniceiros bere lanaren gaztelaniazko itzulpenarekin lortu zuen. Lan horrek Ramon Gomez de la Serna saria lortu zuen, eta 2003an Espainiako kritikariek gehien azpimarratu zuten liburuetako bat izan zen.
Bederatzigarren edizioa
2007ko urtarrilean Eztabaidak Literaturarekin egitaraua martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte, besteak beste.