Astearte gauean, Kitzikaneko kide bat, sexualitatea eta ekintza politikoa bateratzen duen gazte antolakundeko kide bat, Alde Zaharreko taberna batean erasotua izan zen. Gazteak, URIOLAri esandakoaren arabera, "anbienteko" tabernan zegoela mutil bati zerbait ematera zihoanean, hanka ikutu eta honek ostiko bat eman zion. Erasotuak lasaitzeko eskatu eta gizonak oihuka erantzun zion bera "ez zela marikoia". Horren aurrean, erasotuak "homofoa" zela esan eta erasotzaileak ukabilkada eman zion begian. Jarraian gizona tabernatik bota zuten eta erasotutako laguna etxera hurbildu eta bertatik, ospitalera joan zen. Osasun zentroan erretina zarrastatuta zuela esan zioten.
URIOLAk jakin duenez erasotuak salaketa jartzeko asmoa dauka baina tabernako lekukoen artean informazioa biltzen ari da; eta gaur, zenbait alderdi politikorekin elkartu da jasotakoaren berri emateko. Berak esandakoaren arabera, "zaila da gorroto delitu" bezala hartzea kasua, baina argi utzi digu, "ez zuela aurretiaz gizona ezagutzen eta bere jarrera benetan bortitza izan zela".