Bilboko Udalak gaur Areatzan zuhaitz bat kenduko du, hura jausteari aurrea hartzeko. Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak Bilboko zuhaitz historikoei aldizka egindako azterketetan, arbola hori egoera txarrean dabilela ikusi du eta, honenbestez, hura kentzea erabaki du, inoiz jausteari aurrea hartzeko.
80 urte eta lau metroko altuera duen platano hau Areatzan dago. Enborreko barruko egurra oso narriatuta dago eta soilik enborraren kanpoko eraztunak eusten dio zutunik. Ale hori espezie bereko beste batekin ordeztuko da.
Udalak Bilboko zuhaitz guztien arriskuari buruzko azterketa zehatza egiten du. Bilbon dauden 34.000 zuhaitzetatik, %10, hau da, 3.000-4.000 zuhaitz inguruk, zaintza handiagoa behar izaten dute.
Protokoloa
Bilboko zuhaitz guztien azterketa hurrengo protokoloaren arabera egiten da. Lehenik eta behin, gaur egun dauden zuhaitzen inbentarioa oinarri hartuta, begiz ikuskatzen dira hobeto aztertzea eskatzen duten aleak.
Bigarrenez aztertu beharreko kasuetan analisia zehatzago eta estandarizatua egiten da, zuhaitzaren egoera zein den zehazten delarik.
Zalantzarik izanez gero, zuhaitzaren tomografia hartzen da.
Analisiaren ondorioak kontuan hartuta, alearen osasun-egoera eta gomendatutako tratamendu-mota zehazten dira, honek gaixotzeko sintomak agertzen baditu. Egoera oso txarra izanez gero, oraingoan bezala, ebakitzeko aukera aztertzen da.
Udalak, 2016ko otsailaren 1ean indarrean hasiko den lorezaintzako kontratuaren hobekuntza gisa, Bilboko zuhaitz historikoen egoera urtean behin aztertzea sartu du. Hala, "zuhaitz horiek hobeto zainduko dira eta guztion segurtasuna hobetuko da", udal ordezkarien esanetan.