William Christiek Les Arts Florissants musika taldea zuzenduko du 'Monsieur de Pourceaugnac' lanean

uriola.eus 2016ko urt. 11a, 09:40

Clement Hervieu-Legerrek eta William Christiek Molieren komedia krudel eta ilunetakoa; antzerki, dantza eta musika ikuskizun deigarria daramate eszena gainera. Ikus-entzuleek urtarrilaren 17an, igandean eta 18an, astelehenean, gozatu ahal izango dute antzezlan horretaz, Théâtre de Caen izenekoan erabateko estreinaldia egin eta hilabete geroago.

William Christie klabe jole, orkestra zuzendari, musikologo eta irakasleak Clement Hervieu-Legerren talentuari gehitu dio berea. Azken hau komediante, antzezle eta eszena zuzendari gisa azken bi hamarkadatan Frantziako antzerki eszenako erreferentea da. Bien artean Monsieur de Pourceaugnac lanaren bertsio bikaina prestatu dute, C.I.C.T.-k eta Théâtre des Bouffes du Nord izenekoak ekoiztua, ikus-entzuleari komedia-ballet generoa gaur egun izango litzatekeenaz gozatzeko aukera emanez, hau da: antzerki, musika eta dantza fusio sutsua.

Monsieur de Pourceaugnac, Moliere dramagile frantses bikainak sortutako komedia-balleta da, Jean-Baptiste Lullyren musikarekin. Arriaga Antzokiak, 1669an Chamborden estreinatutako lan berezi horren bi funtzio jasoko ditu bere eszenatokian. Lehenengoa urtarrilaren 17an, igandean, izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta bigarrena hurrengo egunean, astelehenean, urtarrilaren 18an alegia, ordubete geroago, 20:00etan hain zuzen. Garai modernoetan oso gutxi antzeztu den antzezlana ikusteko aukera bikaina izango da. Gainera, Bilbok, erabateko estreinaldia izan eta hilabete baino bete ez denean jasoko du Monsieur de Pourceaugnac. Izan ere, erabateko estreinaldi hura joan den abenduaren 17an gertatu zen, Théâtre de Caen izenekoan.

Monsieur de Pourceaugnac lanaren interpretazioa Les Arts Florissants musika taldearen esku egongo da. Gogoratu beharra dago William Christie berak izena eman ziola izen bereko Marc-Antoine Charpentierren opera estreinatu eta hiru mende geroago, 1979an Parisen bultzatu zuen musika proiektu zirraragarri horri. Ordutik, Les Arts Florissants taldeak musika barrokoaren balorazio berriztatua lortu du, eta bere errepertorioa mundu osoan aurkeztu da, arrakasta handia lortuz, kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik. Gaur egun antzinako musikaren alorrean ospe gehien duen taldeetako bat da, garai hartako musika-tresnekin interpretatzeari leial izanik. Taldea antzinako musika-tresnen kamera orkestrak eta ahozko ensemble txiki batek osatzen dute.

Jatorria eta sinopsia

Louis XIV Frantziako Erregearen "dibertimenduetarako" 1669an estreinatu zen Monsieur de Pourceaugnac lana, garai modernoetan oso gutxi antzeztu den Molieren komedia-balleta da. Lanak, egileak oso gustuko zituen zenbait gai jasotzen ditu: ezkontza, dirua, gaixotasuna…

Julierekin ezkontzeko Limogesetik etorri berria, Pourceaugnac, neska gaztearen maitaleak, konpondutako ezkontza saihesteko, ordaindu dituen pertsonaia beldurgarrien esku eroriko da. Mota guztietako nahasketen biktima, doktoreek, emakumeek, agintariek eta maltzurrek manipulatuta, probintzietako gizon gizagaixoak izango duen aukera bakarra Parisetik emakumez mozorrotuta ihes egitea izango da.

Italiako 'Comedia dell’Arte' izenekoan inspiratutako komedia xumearen forma hartuz, Monsieur de Pourceaugnac Molieren lan ilun eta krudelenetakoa da. 

Ikuskizunerako sarrerak 12 eta 42 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.